AKTUALITATEA


| 2026-02-11 10:46:00

EH Bilduk datorren udalbatzari helaraziko dio Gasteizen Gau Zuria egiteko proposamena. Urtero egingo litzatekeen kultura-ekitaldi bat da, gau oso batean zehar garatzen dena, herritarrei irekitako gaueko programazioarekin, non museoak, kultura-espazioak eta hiri-espazioa bera jarduera artistikoen, ikuskizunen eta sortzaileen agertoki bihurtzen diren. Horrela, Gau Zuria hirian erreferente bihurtzeko apustua egin du EH Bilduk, kultura, turismoa, dinamizazio ekonomikoa eta herritarren parte-hartzea sustatuz.

 

Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «EH Bilduk Gau Zuria ekimena estrategiko eta iraunkor bihurtu nahi du, datozen urteetan jarraipena izan dezan eta hazteko bokazioarekin. Artea eta kultur sorkuntza kalera ateratzeko aukera emango duen gaua da. Museoak eta galeriak irekitzeko, eta gure plaza, kale eta eraikin enblematikoak dantzarako, musikarako, antzerkirako eta beste edozein adierazpen artistikorako agertoki bihurtzeko aukera. Gau Zuriak tokiko sorkuntza eta ekoizpen kulturala bultzatzea ahalbidetuko luke, artista eta talde gasteiztarrei ikusgarritasuna eskainiz; eta, gainera, hiriko eskaintza turistikoari urteroko hitzordu berezi bat eranstea ekarriko luke».

 

Ekitaldi mota honek, behar bezala planifikatuta eta ikuspegi parte-hartzailearekin, kultura-jarduera deszentralizatzea ere ahalbidetuko luke, ohikoak ez diren auzo eta espazioak gehituz, eta tokiko artisten eta sortzaile gonbidatuen parte-hartzea bultzatuz. Horrela, Gau Zuria erakusleiho kulturala izateaz gain, kohesio sozialerako eta kulturarako sarbidea demokratizatzeko tresna ere izango litzateke. «Kultura sustatzeko egiten dugu erdigunean, bai, baina baita auzoetan ere, kultura udalerriko bizilagun guztiengana hurbilduz, bizi diren lekua edo adina edozein dela ere», adierazi du Salazarrek.