EH Bilduk Basaldeako ekoizleentzako proiektua eta Monasteriogureneko Aleko nekazal-testerako espazioa Hirian Hezi programan sar daitezela eskatuko du ostiral honetako osoko bilkuran. Horrela, Gasteizko ikastetxeetatik bertara bisitak egin ahalko dituzte, elikadura burujabetzan oinarritutako ereduetan murgilduz. EH Bilduko zinegotzi Ekaitz Diaz de Garaiok adierazi duenez, «Gazteek lehen sektorea gertutik ezagutzeko aukera izan behar dute, elikadura kontsumo eredu jasangarrietan eta elikadura burujabetzan hezitzeko. Izan ere, larrialdi klimatikoko egoera honetan, elikadurak eta honen jatorriak funtsezko balioa dute».
Hirian Hezi hezkuntza jarduera programaren bitartez, besteak beste, hezkuntza arloan jarduten direnei hainbat bisita, ikuskizun eta formakuntza eskaintzen zaizkie eskolei gazte eta umeekin burutzeko. Honengatik, estrategikoa da, adibidez, ikasleei ezagutzera ematea Monasteriogurenen eta Basaldean burutzen ari diren jarduna. Horrela, gazte hauek, haien etorkizuna eraikitzeko orduan, lehen sektorea ere aukera bezala izango dute.
Zentzu horretan, EH Bilduko zinegotziak azaldu du gaur egungo errealitateak erakusten duela mundu osoko elikagaiak eskuragarri ditugula munduko ia herrialde gehienetan, batez ere ipar globaleko gizarteetan. «Gasteiz ez da errealitate horren salbuespena, Araban kontsumitzen diren produktu freskoetatik bakarrik %1a ekoizten da herrialdean eta, beraz, gehiena beste herrialdeetatik ekartzen da. Eta, horren aurrean, Euskal Herrian badaude elikadura burujabetzan aurrerapausoak ematen ari diren ekoizle, kolektibo eta proiektu desberdinak. Adibidez, Gasteizen, bi proiektu estrategiko daude martxan: Basaldeako ekoizleentzako espazioa eta Monasteriogurenen dagoen Aleko nekazal-testetarako gunea».
Bi proiektu hauek ‘Crops4Life’ programaren baitan kokatzen dira eta, programa honek, agroekologia oinarri, tokian-tokiko ekoizpenak eta kontsumoak bultzatzea du helburu. Basaldeako espazioaren kasuan, Udalak, hasi berriak diren ekoizleen proiektuen hastapenetan laguntzeko, lurren lagapena egiten du, bertan produktu agroekologikoak ekoizten dira eta, ondoren, sistema desberdinak erabiliz kontsumitzaileen esku jartzen dira. Bestalde, Monasteriogureneko Aleko proiektuak nekazaritza birsortzailea du oinarri, eta bertan, ikasketak bukatu dituztenek, haiek garatu nahi duten ekoizpen-proiektuaren bideragarritasuna testatu dezakete: ekonomia sozial eta solidario baterako formakuntza saioak jasotzen dituzte eta ikasleei aukera ematen zaie haien proiektua testatzeko pertsona baten mentoretzarekin.