AKTUALITATEA


| 2026-02-10 11:48:00

EH Bilduk jakinarazi du Gasteizko Udalari “arau-hauste larri” baten ondrioz isuna ezarri diotela Gizarte Segurantzaren arloan, Olarizuko Erromeriaren bezperan zelaietan belarra zapaltzeko lan-egoera irregularrean zegoen pertsona bat kontratatzeagatik. Gogoratu behar da, Udalak lan horiek kontratatu zituela Enviserreko langileak (Udalak azpikontratatutako lorezain zerbitzua) greban zeudelarik. Kontratazio horiengatik Lan Ikuskaritzak Udalari isuna ezarri zion orduan, Enviserreko lorezainen greba eskubidea urratu zuelako. Baina orain, EH Bilduk Udalari helarazi zaion Arau-hauste Akta bati esker jakin ahal izan duenez, "arau-hauste larri" berri bat ezarri dio Lan Ikuskaritzak Udalari, belarra zapaltzeko kontratatutako pertsonetako bat (bi ziren) Gizarte Segurantzan alta eman gabe jardun zelako lanean.

Aktaren arabera, 2025eko irailaren 10ean, bi langile Olarizuko zelaietan zeuden, traktore batekin belarra berdintzeko lanak egiten. Udaltzainak eta lan-ikuskatzaile bat bertaratu ziren, eta azken horrek identifikatzeko eskatu zien. Lehen ezezkoaren aurrean, langileek beraiek eskatu zuten telefonoz deitzeko kontratatu zituenari. Horrela egin zen eta kontratatzailea Gasteizko Udaleko Espazio Publikoko zuzendaria zela jakin zen. Honek traktorearen gidariek emandako bertsioa berretsi zuena lehen instantzian, eta honako hau ziurtatu zuen: "Udalak bi mutil hauek kontratatu ditu greban dagoen enpresaren kontratutik kanpo dauden lan zehatz batzuetarako: Olarizuko erromeriako zelairako belarra zanpatzeko". Azkenik, bi pertsonak udaltzaingoaren aurrean identifikatu ziren.

Biek emandako informazioa Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren datu-basearekin kontrastatu ondoren, egiaztatu da, ikuskapen-bisitaren egunean, pertsona horietako bat ez zegoela alta emanda Gizarte Segurantzako ezein erregimenetan. Hori dela eta, Udalari "arau-hauste larria" ezarri zaio. Baina ez hori bakarrik, gertakarien egunean bertan, bigarren pertsonak onartzen du aldi baterako ezintasun-egoeran dagoela (bajan).

«Udal honek lorazainen grebarako eskubidea urratzeaz gain, Olarizun belarra berdintzeko lanak egiteko Gizarte Segurantzan alta emanda ez zegoen pertsona bat eta bajan zegoen beste bat kontratatu zituen. Eta orain, Lan Ikuskaritzak Udala harrapatu eta zigortu egin du. Zertan ari ziren pentsatzen? Ez al dute nahikoa greban dauden langileen eskubidea urratzearekin, eta gainera kontratazio irregularretan sartu behar da orain? Era guztietako azalpenak eskatuko ditugu gertatutakoa argitzeko, eta berriro gerta ez dadin neurriak hartzea eskatuko dugu», ziurtatu du Jon Molina EH Bilduko zinegotziak, eta bihar gai horren inguruan galdetuko diotela Beatriz Artolazabal arlo horretako arduradun politikoari.