AKTUALITATEA


| 2019-07-17 13:22:00

EAJ eta PSE-EEren udal gobernua ez dago betetzen ari joan den urtean futbol zelaiak berritzeko lortu zen akordioa. Gaur gaurkoz, Ariznabarrako futbol zelaiaren obrak, egin beharreko hurrengoa, hasi gabe segitzen du, udal arduradunak honezkero martxan egongo zirela behin eta berriro iragarri duten arren.

«Esan zuten obrak maiatzaren amaierarako abiatzea posible izan zitekeela. Ondoren, hasiera ekainera atzeratu zuten, eta, edozein kasutan, Arabako futbolaren batzarraren aurretik hasiko zirela ziurtatu zen, ekainaren 27an egin zena. Udal gobernu berriaren azken promesa izan zen makinak futbol zelaian sartuko zirela uztaileko lehen hamabostaldian. Hori ere ez dute bete», azaldu du EH Bilduko Gasteizko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturik.

Gogoratu behar da kirol instalazioen erreforma martxan jarri zela iazko urrian koalizioak ahalbidetu zuen hitzarmen bati esker, baina lanei ekiterakoan behin eta berriro pilatu dira atzerapenak. Lopez de Aberasturik prozedurak azkartzea eskatu du: «Klubek denboraldia garaiz prestatu behar dute, eta jakin behar dute noiz izango dituzten instalazioak prest. Ezin dute beraien gain hartu udal gobernuaren prebisio falta».

Joan den ekainaren 26an, EH Bilduk jarraipen batzordearen premiazko bilera bat eskatu zuen, egoerari buruzko informazio erreala jaso ahal izateko. Udal gobernuak uztailaren 30a arte atzeratu du bilera hori. Federazioko ordezkariak aurreratzeko prest agertu badira ere, gobernuak erabaki du deitutako eguna ez aldatzea.