Vitoria-Gasteizko Udalak beste lokal bat jarri du Gasteizko ekintzaileen eskura, Zapatari kaleko 39. zenbakian, Alde Zaharreko Enpresa Zentroaren barruan. Orain arte erabiltzen ez zen lonja Udalak egokitu du, eta akabera bikainak ditu. 40 metro koadro, eta alarma eta komun egokitua ditu, baita biltegi bat eta horman sartutako armairu bat ere. Udal Gobernu Taldearen eta EH Bildu udal-taldearen arteko 2025eko aurrekontu-akordioari esker egingo da proiektua.
Rocío Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “laster egongo da interesdunen eskura. Ekimen honek ekintzailetza eta negozio berriak abian jartzea du helburu. Gainera, birgaitutako udal-lokal bati buruz ari gara, Alde Zaharreko gure kaleak bizitzaz betetzen jarraitzeko. Azken batean, neurri honekin ekin nahi duten guztien ondoan egon nahi dugu, lehen urratsetan lagunduz”.
Espazio berri hau Udal Enpresa Zentroen sarearen barruan dago. Udaleko Enpresa Zerbitzuak kudeatzen du sarea, eta honako hauek biltzen ditu: Eskola kaleko Enpresa Zentroa; Hazitegi Komertziala; Enpresa Zentro Irekia (Errementari kalean 3 lokal); eta Mintegi Hedatua, Hedegile kaleko 31., 35B. eta 70. zenbakietan dituen egoitzekin. Orain, Zapatari kaleko 39. zenbakikoa gehituko zaio.
Alde Zaharreko Enpresa Zentroa Jundizko Enpresen Udal Zentroarekin osatzen da. Zentro horren helburua enpresa sortu berriei ostatu ematea da, horiek finkatzen lagunduko duten estaldura eta laguntza emanez, bulegoekin eta industria-pabiloiekin.
Eta nekazaritza-sektorean ekin nahi duten pertsonentzat, Gasteizko Udalak Basaldea Nekazaritza Ekologikoko Enpresen Zentroa jartzen du haien eskura, Abetxukun.