AKTUALITATEA


| 2026-09-18 12:09:00

Gasteizko herritarrek aholkularitza juridikoko zerbitzu berria izango dute urritik aurrera etxebizitzaren galera, etxegabetzeak eta desalojoak prebenitzeko. Programa hori EH Bilduren eta udal-gobernuaren (PSE-EAJ) aurrekontu akordioaren emaitza da, eta Arabako Abokatuen Elkargoak eskainiko du. Hitzordu presentzialetan zein telematikoetan (betiere doakoak), errentatzaileei eta errentariei, informazio juridikoa eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektibo kalteberei eta Udaleko gizarte-zerbitzuetako profesionalei emango zaie arreta.

Etxebizitza duina eskuratzea eta mantentzea da egungo gizartearen arazo nagusietako bat. Eskubide hori herritar guztiei bermatu gabe, egoera ahulenean dauden kolektiboak barne, ezin da gizarte kohesionatuagorantz aurrera egin.

Udaleko gizarte-zerbitzuetan egunero ikusten da gero eta egoera eta pertsona gehiagok dituztela zailtasunak etxebizitza eskuratzeko edo bertan jarraitzeko. Zenbaitetan, gainera, etxebizitza galdu ere egiten dute. Gainera, beste arazo batzuk ere badaude: etxebizitza nahitaez partekatu behar izatea, logelen azpierrentamendua, pilaketa, erroldatzeko zailtasunak, eta abar.

 

Rocío Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “egungo bizitegi-larrialdiko testuinguruan, funtsezkoa da prebentzioan jardutea etxebizitza galtzeko kasu posibleen aurrean. Kasu honetan, aholkularitza juridikoaren bidez egiten dugu, etxegabetzeko arriskuan dauden pertsonek arreta espezializatua jaso ahal izan dezaten, beren etxeak galtzea saihesteko. Garrantzitsuena da jendeak bere etxea mantentzen lagunduko dion udal-zerbitzu publikoa eta doakoa aurkitu ahal izatea”.

“Errealitate horrek desberdintasunen erdigunean jartzen du etxebizitza, eta eragin negatiboa du pertsonen osasun mentalean eta fisikoan. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela aholkularitza juridikoko zerbitzua izatea, bi aldeentzat etxebizitza galtzeko arrisku-egoerak goiz detektatu ahal izateko, eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko eta bitartekaritzako estrategiak ezartzeko. Eztabaidak saihestu eta irtenbide juridiko egokiak eman nahi ditugu”, azaldu du Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak.

 

Udal-finantzaketa

Zerbitzua Udalak finantzatuko du, eta Abokatuen Elkargoari 10.000 euro emango dizkio 2026ko azken hiruhilekorako eta 40.000 euro 2027rako. Adibide gisa, aholkularitzak hainbat gai jorratuko ditu, hala nola errentamendu-kontratuak, errenta eta gastuen eguneraketa, errenten eta errentarien eskubideak eta betebeharrak, etxegabetze-prozesuak, etxebizitzaren erabileraren ondoriozko gatazkak, okupazioak…

Zerbitzua banaka eskainiko da, 945231050 telefonora deituta (aurrez hitzordua hartu behar da). Gainera, alokairuari eta etxebizitzari buruzko dibulgazio-materialak prestatzea eta herritarrei irekitako informazio-saioak eta tailer praktikoak egitea aurreikusten da. Zeregin guztia letradu espezializatuek egingo dute, borondatez parte hartuko dute eta gutxienez 3 urteko jarduna izan beharko dute. Zerbitzua Elkargo Profesionalaren instalazioetan eskainiko da (Frai Francisco pasealekua, 4).