AKTUALITATEA


| 2026-09-23 09:25:00

EH Bilduk ostiral honetako osoko bilkurara Gasteizko kaleetako hormetan zein espazio publikoan esku-hartze artistikoak sustatzeko proposamena eramango du. Izan ere, «gaur gaurkoz, kalean esku-hartzeren bat gauzatu nahi duen artistak ez du topatuko horretara bideratutako espaziorik, ezta esparru arautzailerik ere, bere adierazpen artistikoa modu legalean eta ordenatuan egin ahal izateko», adierazi du Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak. Hori dela eta, Gasteizen muralak egiteko erabili daitezkeen espazio publikoko elementu eta hormen inbentarioa egin dadila proposatuko du EH Bilduk, behin hori dagoenean, aipatutako hormetan interbentzio artistikoak egiteko eskaintza egin dezan, beti ere baldintzak aurrez zehaztuz.

 

«Gure auzoetan agerikoak dira ezkutuan eta arautu gabe egindako interbentzioak direla-eta hainbat horma, zutabe, garaje edota banku hondatuak eta zikin daudela. Hortaz, espazio horietako batzuetan muralak edo interbentzio artistikoak egiteko aukera eskainiz gero, udalerriaren itxura garbia eta artistikoa zabaltzeaz gain, tokiko sortzaileei behar duten mihisea emango zaie», azaldu du Uriartek. Zentzu horretan, EH Bilduk bilatzen duena arte urbanoaren galera geldiaraztea eta ez-ohiko eta arautu gabeko esku-hartzeen ondoriozko espazio publikoen hondatzea saihestea da.

 

Horretarako, lehenik eta behin, xede horretarako erabil daitezkeen horma eta espazio publikoko elementuak identifikatzeko eskatuko du EH Bilduk. Bertan, jabetza publikoko elementuez gain, interesa duten jabe pribatuek eta jabeen erkidegoek euren jabetzakoak diren horma edo espazioak proiektuaren esku jarri ahalko dituzte.

 

Ondoren, aipatutako horma eta espazioak lagatzeko eta artisten esku jartzeko eskaintza egin beharko luke udalak, baita interbentzio artistiko horietarako baldintzak definitu ere. Azkenik, jasotako proiektuak kontuan hartuta, espazioak esleituko ditu aldez aurretik zehaztutako baldintzen arabera.

 

Kaleko artea

 

Gasteizek sortzaileen urteetako lanari esker, baditu artisten mihise bihurtu diren eraikin eta hormak. Hiriaren nortasunaren parte bihurtu dira, “muralen ibilbide” bat izateraino. Baina auzoz auzo ikus daiteke nola bizilagunek euren lonja eta garajeak baliatu dituzten adierazpen artistikoak jasotzeko.

 

Bestalde, Gasteizen artista eta sortzaileen belaunaldi oparoa dago, euren kreatibitatea islatzeko espazioak eskatzen dituztenak. Non, besteak beste,  IDarte Euskadiko Arte eta Goimailako Diseinu Eskola edo Arte eta Lanbide Eskola bezalako erreferentziazko zentroak ere dauden, eta beraz, udalak interbentzio artistikoetarako legezko esparru bat sortzeak zentro horietako ikasleei ere ikusgarritasuna eta esperientzia praktikoa ematea ekarriko lukeen.

 

Kaleko artearen historian, Gasteizek badu zer esana. Gainera, adierazpen artistiko honek tokiko kulturaren eta nortasunaren adierazle bilakatu dira, baita erakargarri turistikoa ere. Badira munduaren luze zabalean ezin ezagunago bihurtu diren artistak eta obrak eta kaleko arteari lotuta egiten diren jaialdiak, esaterako Montrealeko Festival MURAL, Belfasteko Hit The North, Bordeleko Le M.U.R. edo Bristoleko Upfest. Horiek guztiak, street art delakoaren adibideak izateaz gain, sorkuntzarako eta adierazpenerako dagoen grinaren erakusle dira.