Arabako hiriburua, hirugarren urtez jarraian, euskararen hiri bihurtuko da datorren larunbatean, urriaren 10ean, Gasteiz Euskararen Hiriaren hirugarren edizioarekin. Ekimenak 12 ordutik gorako euskara hutsezko programazioa eskainiko du, ‘Zuk baduzu tokia Euskararen Hirian’ lelopean, Andre Maria Zuriaren plazan eta plaza Berrian, 11:00etatik 00:00etara.
Jardunaldia Udal Gobernuaren eta EH Bilduren aurrekontu-akordioan sartuta dago, eta adin guztietarako proposamenak izango ditu. Hala, kultura, musika, aisialdia eta kirola uztartuko ditu, akroyoga eta rol-jokoekin, besteak beste. Programazioa osatzeko, kontzertuak, DJ saioak, bertsoak, herri-kirolak, drag show ikuskizuna eta dantza-taldeen topaketa izango dira, besteak beste.
Gaur goizean eman dituzte programazioari buruzko xehetasunak prentsaurreko bidez. Bertan izan dira EH Bilduko zinegotzi Maider Uriarte, Euskara zinegotzi María Nanclares eta GEU Elkarteko ordezkari Ainhoa Larrazabal.
Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “edizioz edizio ikusi ahal izan dugu euskara hiriko erdigunea betetzen eta mezu argia hedatzen: Gasteiz gero eta euskaldunagoa da eta euskara eskaintzen denean gasteiztarrok beso zabalik hartzen dugu. Euskararen Hirian zuk, nik, haiek… denek dute eta dugu tokia. Sinetsita gaude euskara bizikidetzarako eta kohesiorako tresna bikaina dela eta hori agerikoa da geroz eta jende gehiago hurbiltzen denean euskarara eta bertan etxea, sarea, komunitatea topatzen duenean”.
Bestalde, María Nanclares Euskara zinegotziak azaldu duenez, “ekimen hau euskara kalean modu hurbilean, irekian eta parte-hartzailean, bizitzeko gonbidapena da. Hirugarren edizio honek erakusten du euskara kultura, musika, aisialdia eta kirola ere badela. Gero eta pertsona gehiagok gure hirian euskara ezagutzeko, gozatzeko eta erabiltzeko espazioak eta aukerak aurkitzea nahi dugu”.
Jarduerak 11:00etan hasiko dira, Andre Maria Zuriaren plazan, ‘Kokito eta India’ familia-ikuskizunarekin. 12:30ean, rol-jokoak eta bertsoak izango dira gune berean. Programazioak 14:30ean jarraituko du Pineapple Sweets taldearen musika-saioarekin.
Arratsaldean, jarduerak 19:00etan hasiko dira berriro, euskararen gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldiarekin. 20:30ean, Harresian Zuloren kontzertua izango da, eta 22:30ean jardunaldiari amaiera emango zaio Andrigina Drag Show ikuskizunarekin.
Bestalde, plaza Berriko programazioa 12:00etan hasiko da, aisialdiko jarduerekin eta herri-kirolen tailerrarekin. 12:30ean, akroyoga jarduera eta herri-kirolen erakustaldia izango dira. Gune horretako programazioa 17:30ean amaituko da dantza-taldeen topaketarekin.
Gainera, ekitaldiak tokiko produktuetan oinarritutako eskaintza gastronomikoa izango du, eta, horri esker, jendeak hainbat proposamenez gozatu ahal izango du jardunaldian zehar.