AKTUALITATEA


| 2023-07-07 12:24:00

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramailea kezkatuta agertu da atzo txingorrak hirian eta landa-eremuan eragindako kalteengatik. Halaber, elkartasun osoa helarazi nahi izan die fenomeno meteorologiko horren ondorioz kalteak jasan dituztenei. Ildo horretan, Viterok ziurtatu du «erantzukizun publikokoa dela kalteei erantzutea eta herritarrei izapideak erraztea, eragindako kalteak konpontzeko. Horregatik, kalte horiek arintzeko neurri batzuk proposatzen ditugu».


Ildo horretan, Viterok herritarrei arreta emateko bulego bat sortzea eskatu du, herritarrek kazkabarrak eragindako kalteekin lotutako administrazio-izapideetarako informazioa, aholkuak eta laguntza jaso ahal izateko. Gainera, hirugarren batekin, aseguru-etxeekin, alegia, jarduteko beharra kontuan hartuta, Udalak aseguru-partzuergoarekin bitartekari lanak egitea ere eskatuko da, kaltetutako pertsonei arreta bermatzeko.


Era berean, Viterok gobernuari eskatzen dio bil ditzala talde politikoak, hiriaren egoerari, egindako jarduerei eta etorkizunerako aurreikusitako neurriei buruzko informazioa emateko. «Herritarrei arreta emateko bulego bat sortzea eta kaleak eta parkeak txukuntzeko garbiketa-zerbitzua indartzea eskatuko dugu. Era berean, bilera bat eskatuko diogu gobernuari, eragindako kalteen berri eman dezan eta, horrela, hondamendi eremu izendatzea egokia den aztertu ahal izateko». Izan ere, ildo horretatik, Viterok garbiketa departamentuari eskatuko dio lehen ordu hauetan garbiketa lanak indartzeko, udalerriko espazio publikoa ahalik eta azkarren txukundu ahal izateko.