AKTUALITATEA


| 2023-03-11 13:30:00

EH Bilduk Rocio Vitero hautagaiarekin batera Gasteizko udal hauteskundeetan izango direnen zerrenda aurkeztu du. Hautagaiak berak adierazi duenez, «Gasteiz gidatzeko prestatutako taldea dugu, jendearen alde eta jendearentzako lan egiteko prest dagoena. Pertsonen duintasuna lehenetsiko duen Gasteiz bat nahi dugu. Gasteiz solidarioa, irekia eta bidezkoa. Eta talde honekin egin daiteke. Gaur aurkezten dugun talde hau giza-eskalan egindako eta eskubide sozialetan oinarritutako Gasteiz baten alde lan egiteko potentzialaren eta gogoaren adibiderik onena da. Izan ere, Euskal Herria Bildu da norabide hori gidatu dezakeen alternatiba aurrerakoi bakarra».

EH Bilduren proposamenaren arabera,
Unai Fernandez de Betoño arkitekto eta legebiltzarkidea bigarren postuan joango da, eta, ondoren, Amancay Villalba, Alberto Porras, Aitziber Salazar, Xabier Ruiz de Larramendi, Maider Uriarte, Ekaitz Diaz de Garaio, Alazne Beltran de Lubiano eta Jon Molina, ordena horretan. Viterok berak adierazi duen bezala, hautagaitza hori prest dago Gasteizek dituen erronkei aurre egiteko. Alternatiba aurrerakoia, jendearentzat eskubide gehiago eta hobeak eta bizi-kalitatea lortzeko bidean aurrera egiteko.

Gainera, Unai Fernandez de Betoño alkateorde izateko hautagaiaren profila azpimarratu du Viterok:
«zorte handia dugu Unai Fernandez de Betoño bezalako pertsonak izateagatik. Legebiltzarrean egiten duen lana enbarazu egiten die batzuei. Gogaikarri zaie azpijokoa gustatzen zaienei, ezkutatu nahi dutenei, ate birakarien jokoan jokatzen dutenei. Eta horientzat guztientzat, berri bat daukat gaur: Unaik eta Euskal Herria Bildu osoak orain arte bezala jarraituko dugu lanean: zintzotasunez, prestutasunez eta ustelkeriari metro bakar bat ere eman gabe».