AKTUALITATEA


| 2025-12-01 09:50:00

Gasteizko Udalean gaur egindako Gizarte Politiken batzordean, EH Bilduk salatu du PSE-EAJren gobernuak 1.143 pertsonari Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua kentzeko mehatxua egin diela. Izan ere, Etxebarriaren gobernuak gutun bat helarazi die pertsona horiei, esanez "mendekotasun-aitorpenik ez duten pertsonen zerbitzuak berrikusiko direla".


«Ez dituzte 1.143 gutun bidaltzen zerbitzua hobetzeko, baizik eta haren amaiera baloratzeko», adierazi du Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak. Hala, adierazi duenez, mendekotasun-baloraziorik izan gabe ELZ eskatzen duten adinekoen kasuak ezagutzen ari dira, non gizarte-langileak jakinarazten dien Oinarrizko ELZ zerbitzua jasotzeko hartzaile-potentzialak direla, baina, ondoren, gutun bat iristen zaie zerbitzua ukatuz.


«Pertsona horiek jakinarazi digute mehatxu gisa bizi dutela urtetan jaso izan duten zerbitzua galtzeko arriskua. PSE-EAJren gobernuaren erabakia izan da  aldeketa hau atzeko atetik sartzea: Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua murrizten saiatzen dira, prezioak igotzen saiatzen dira, baina beti herritarrei eta, batez ere, hartzaileei ezkutatuz», adierazi du EH Bilduko zinegotziak.


Ildo horretan, EH Bilduk gardentasuna eskatu du erabakiak hartzerakoan, eta inplikatutako pertsonei behar bezala informatzeko. «Erabaki bat hartu baduzue, jabe egin zaitezte, defenda ezazue; erabaki ona dela uste baduzue, beharrezko erabakia bada, azaldu, ez ezkutatu, ez ukatu, ez saiatu atzeko atetik sartzen... Jarrera horrek zuen posizio politikoaren eta zuen erabakiaren ahultasuna baino ez du adierazten».


Gainera, EH Bilduk defendatu du gaia serioa dela eta erantzukizunez heldu behar ziola, EH Bilduk berak hainbatetan proposatu duen bezala. Hiriaren egoerari buruzko azken bi eztabaidetan, EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok adierazi izan du bere alderdiak zaintzak duintzeko itun sozial eta politiko handi bat lortzeko borondatea duela, eta gainerako taldeei eskatu die akordio zabalak lortzeko, babes eta ongizate sozialean aurrera egiteko.