AKTUALITATEA


| 2020-01-10 11:06:00

Euskal Herria Bilduk mozio bat erregistratu du gaur urtarrileko osoko bilkurarako; mozio horren bidez, udalbatza osoari eskatzen dio neurriak har ditzala berdintasunean oinarritutako gizarte feminista baten bidean aurrera pausoak ematen jarraitzeko. Horretarako, ezinbestekoa da genero-inpaktuari buruzko txostenak jasotzea udal-gobernuak erabakitzen edo proposatzen dituen plan edo arau-aldaketa orokor guztietan.

Amancay Villalba zinegotziak aurreratu duenez, EH Bilduk legegintzaldi honetarako ezarri duen erronka nagusietako bat da zisheteropatriarkatuari aurre egitea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrerako bidean aurrera egitea, "Ikuspegi feminista era trasnbertsalean sartu behar da ekintza politiko, plan eta programa guztietan. Hori da legealdi honetarako proposatzen zaigun erronka handietako bat; aitortzen dugu ez dela lan erraza, baina badakigu premiazko zeregina dela".

Halaber, EH Bilduko zinegotziak salatu duenez, "Gizartea larrialdi feminista egoeran dago, eta horrek modu geldiezinean jokatzera eta gure erantzukizunak alde batera ez uztera behartzen gaitu". Izan ere, eta Villalbaren esanetan, "legez derrigorrezkoa ez izateak ez du esan nahi gomendagarria eta beharrezkoa ez denik horrelako neurriak hartzea".

Bestalde, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak transbertsalitatearen kontzeptua azpimarratu du, eta azaldu duenez, alderdiak urtarrileko osoko bilkurarako erregistratu duen mozioak "udal gobernuari eskatzen dio Berdintasun Zerbitzuak erabaki bat har dezala, etorkizunean onartzen edo proposatzen diren arau-aldaketa partzialetan genero-eraginari buruzko txostenak egitearen komenigarritasunari buruz. Hitzetatik ekintzetara garaia da, eta hori da, hain zuzen ere, herritarrek eskatzen digutena".

Viterok HAPOren erabilera tertziarioaren harira emandako arauen aldaketa bat jarri du adibidetzat, egun, udal-gobernua egiten ari dena, partzelak jabetza pribatuko egoitza-erabileretarako moldatuz -adineko pertsonentzako egoitza pribatuak, alegia-. "Nork egiten du lan zaintzaren sektorean? Emakumeak. Zein lan-esparrutan dago prekarietate maila handienean? Emakumeak nagusi diren zaintza-lanaren esparruan. Horregatik, eremu batean aldaketa partzialak egiteko erabakiek -teorian kalte egiten ez duen neurria- eragin zuzena dute gizonen eta emakumeen artean”. Eta, horrez gain, “beharrezkoa da esparru arautzaile berri bat dakarten erabaki guztiek edo funtsezko aldaketak dakartzaten erabaki guztiek genero-eragina jasotzea berdintasun errealean aurrera egiteko”.