EH Bilduk euskara planak sortzeko eskatu die Arte eta Lanbide Eskolako patronatuari, Luis Aramburu Musika eta Dantza Eskolari (izendapen berria Folklore Akademia gehitu zaionetik) eta Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioari. Erakunde horiek, udal honen eskumenekoak diren edo udalaren parte-hartzea duten heinean, euskara-plan propioak izan behar dituzte, Euskararen Normalkuntzarako VII. Udal Planak ezartzen dituen helburuak betetze aldera. Ezarri beharreko plan horiek egoeraren azterketa egin behar dute, bete nahi diren helburuak eta horiek lortzeko neurriak ezarri behar dituzte, eta, ondoren, horren guztiaren emaitza ebaluatu behar dute.
Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «Udalarentzat euskararen erabilera normalizatzea bere eskumeneko eremuetan eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea lehentasuna izan behar du. Kezkagarria da, une honetan, udal-eskumeneko erakunde horiek euskara-planik ez izatea, are gehiago kontuan hartzen badugu jarduera asko adingabeei zuzenduta daudela». Gainera, honako hau ere argitu du: «Udalak sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko duen planak berak udal-eremuan edozein hizkuntza ofizial erabili ahal izateko helburua jasotzen du, horrela euskararen sustapena eta normalizazioa bultzatuz; baina prozesu hori ez dator bat errealitatearekin, aipatutako eskolek ez baitute berezko euskara-planik».
Luis Aramburu Eskola eta José Uruñuela Kontserbatorioa erreferente dira udalerriko kultura, hezkuntza eta aisialdiko eskaintzan. Horregatik, udalaren eskolak direnez eta ikasleen ehuneko handi bat adingabeak direnez, eskola horiek zeregin garrantzitsua dute euskalduntzearen arloan. Arte eta Lanbide Eskolak ere berebiziko garrantzia du euskara esparru akademikotik ateratzeko eta aisialdiko eskaintzan sartzeko lanean. Baina kasu honetan, haratago doa, izan ere, Arartekoak berak, Eskolan hizkuntza-eskubideen urraketa salatzen zuten herritarren kexei erantzunez, Eskolaren kudeaketa-eremuetan euskararen tratamenduari buruzko plan espezifiko bat egitea eta onartzea gomendatu zuen. Gomendioa aurtengo ekainekoa da, eta Arte eta Lanbide Eskolak oraindik ez dio erantzun.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk azaroaren 21eko udalbatzan mozio bat aurkeztuko du, alde batetik, gobernu taldeari eskatzeko Luis Aramburu Dantza eta Musika Eskolan eta Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioan Euskara Plan bat ezar dezala. Bestetik, Arte eta Lanbide Eskolako patronatuari eskatuko dio ere, Arartekoaren gomendioei jarraituz, euskara plan bat ezar dezala. Eta azken eskaera honi dagokionez, EH Bilduk ekimenak sartuko ditu ere Arabako Batzar Nagusietan, non patronatoari eta administrazio honek bertan duen ordezkariari, euskara plan bat eratzeko eskatuko dion.