Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren emaitza den ekimen honek udalerriko gazteen artean kultur sorkuntza bultzatuko du. Lehenengo edizioak izandako arrakastaren ondoren, datorren larunbatean, apirilaren 18an, ‘Gazte Plaza’ ekimenaren bigarren edizioa egingo da Vitoria-Gasteizen. Ekimen honen helburua da topagune bat sortzea, udalerriko gazteek sormen eta arte arloko beren adierazpenak garatzeko eta partekatzeko aukera izan dezaten. Edizio berri honetan, gazteen parte-hartzea eta lankidetza indartu nahi da, bai eta beren sorkuntzak jendaurrean azaltzeko eta kultura-sorkuntzaren hainbat alderdiri eta gazteen kolektiboan dauden kezkei buruz eztabaidatzeko aukera eman ere.
Udalak lizitaziora atera du gazteentzako hitzordu hau antolatzeko lana, 50.000 euroren truke. Zenbateko hori Udal Gobernuaren eta EH Bilduren artean adostutako aurrekontu-akordioan jasota dago. Gazteek sortutako ekimena hiriaren erdigunean egingo da, egun osoan zehar, eta gasteiztar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera.
Ana López de Uralde Gazteria zinegotziak azaldu duenez, “Gazte Plazaren lehen edizioak izandako harrera ona ikusita, Udal Gobernuak gazteekiko duen konpromisoa berresten duen ekimen hau errepikatzea erabaki dugu. Proposamen hori Gazteria Zerbitzuak bultzatutako proposamenei elkartuko zaie. Horien guztien helburua aisialdi hezigarri eta osasungarria eskaintzea da, gazteek talentua eta sormena sortu, bultzatu eta adierazteko espazioak izan ditzaten”.
EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek, bere aldetik, honako hau adierazi du: “Gazte Plazak Gasteizko gazteei espazioa eskaini nahi die, haien talentua eta potentziala ikusarazteko aukera emanez. Horretarako, ekimen hau bultzatu dugu artista gazte hauek beren sorkuntza artistikoak hiriaren erdigunean erakutsi eta ezagutarazi ditzaten. EH Bilduk apustu sendoa egiten du gazteen kultura eta talentuaren alde, askotan ikusezin bihurtzen den kolektiboari aukerak emanez. Gazte Plazak, gainera, arte-adierazpenen artean etorkizunerako aliantzak egitea ahalbidetuko du”.
Gasteizen, kultura-sorkuntzarekin lotutako gazte-talde handia dago. Talde horrek interes handia du beren kezkei eta beharrei erantzungo dieten jarduera artistikoak eta aisialdikoak garatzeko. Testuinguru horretan, egitasmo honek udalerriko gazte sortzaileen ezagutza, lankidetza eta sareko lana bultzatuko ditu.