AKTUALITATEA


| 2025-10-23 09:55:00

TUVISA sozietate publikoak lanegunetan hiriko garraio zerbitzua eta bux zerbitzua amaitzeko ordutegia ordubetez luzatzea proposatuko du EH Bilduk datorren udalbatzan. Jon Molina EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, «garraio publikoaren aldeko apustua egiten dugu, eta erabilera handitzearen alde. Ildo horretan, uste dugu gaueko 22:00etatik 23:00etara luzatu behar dela zerbitzuaren ordutegia, ez bakarrik zerbitzua eta eskaintza handitzeko eta hobetzeko, baizik eta baita 22:00etan lan egitetik irteten diren edo, adibidez, kultura- edo kirol-jardueretara joaten diren pertsonen eskaerari erantzuteko ere. Azken finean, udalerri biziago, seguruago eta kohesionatuago bati lagunduko dion garraio-eskaintza nahi dugu».

 

Ildo horretan, EH Bilduk neurri hori parte sozialarekin adostea ere eskatuko du, zabalpen hori ahalbidetzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko eta horiek hitzarmenean eta langileen lan-baldintzetan kontuan hartzeko.


Hala, ordutegia luzatzeko proposamen honek, Gasteizko garraio publikoaren eskaintza hobetzeaz eta TUVISAren zerbitzua indartzeaz gain, zerbitzua amaitzeko ordua tranbiaren orduarekin parekatuko luke. «Horrela, bi azpiegituren arteko aldeak orekatuko genituzke; izan ere, gaur egun, pertsona bakoitza bizi den posta-kodearen arabera zerbitzu desberdina eskaintzen zaio», azpimarratu du Molinak. Izan ere, gaur egun, tranbiak auzo askotan ematen du zerbitzua, eta, aurreikuspena betetzen bada, laster beste askotan ere emango du zerbitzua, hala nola Zabalganan, Abendañon edo San Martinen. Hala ere, oraindik ere asko dira azpiegitura hori ez duten auzoak eta, horregatik, gaur egun, gaueko 22:00ak arte mugatutako garraio zerbitzua dute, hala nola, Sansomendi, Zaramaga, Aranbizkarra, Goikolarra edota Arkaiate.


Beraz, neurri horrek orain arteko ordutegi «eskasa» arintzera dator, arratsaldez edo gauez lan egiten edo jarduerak egiten dituzten herritarren zati handi batentzat, bereziki, ostalaritzan, merkataritzan, garbiketan, osasunean edo industrian dihardutenentzat. Kasu askotan, gainera, sektore feminizatuak dira hori pairatzen dutenak, hala nola merkataritza edo osasuna-zaintza arloetan dabiltzanak, non "segurtasuna" ere faktore garrantzitsua den. Hori dela eta, autobus-zerbitzua goiz amaitzen denez, langile askok ibilgailu pribatura jo behar izaten dute etxera itzultzeko, garraio publikoa erabiltzerakoan desberdintasunak sortuz eta jasangarritasun-helburuei kontra eginez.