AKTUALITATEA


| 2022-11-23 10:53:00

EH Bilduk eta PSOEk Madrilen lortutako aurrekontu akordioak martxoaren 3ko biktimen memoriala behin betiko bultzatzeko balio dezan espero du EH Bilduk. Akordio horren ondorioz, 2023ko aurrekontu-eztabaidan, 600.000 euro sartuko dira proiektu honetarako. Kopuru horrekin, Asisko San Frantzisko eliza eraberritzeko lanak egiteko aurrekontuan jasotakoaren erdia ordainduko litzateke. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egindako txosten arkitektoniko baten arabera, 1,2 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko da eraikina birgaitzeko, proiektu museografikoa abian jarri aurretik.

EH Bildurentzat beste urrats bat da martxoaren 3ko biktimek 1976tik daramaten borroka luzean, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko poliziaren eskuetan izandako sarraskian hildako bost pertsonentzat, baita poliziaren tiroen ondorioz zauritu zituzten pertsonentzat ere. «Gasteizek zorra du martxoaren 3ko biktimekin, eta lortu duten gizarte babesak eta aitorpenak alderdi politiko eta estamentu instituzional guztien inplikazioa ekarri behar du», nabarmendu du Rocio Vitero EH Bilduko Gasteizko zinegotziak.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk proiektua bultzatzeko deia egin die inplikatutako erakundeei. Izan ere, bi urte beteko dira Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak asmo protokolo bat sinatu zutenetik tenplua memoriarako gune bihurtzeko. Hala ere, orain arte iragarritako epe guztiak ez dira bete, eta oraindik ez da eratu proiektu hori gidatuko duen fundazioa.

Bestalde, EH Bilduk iragarri du Arabako erakundeetan egingo diren aurrekontuen inguruko eztabaidei begira, proiektu hori bultzatzen jarraitzeko proposamenak aurkeztuko dituela.