AKTUALITATEA


| 2022-01-13 10:22:00

EH Bilduk urtarrilaren 28an egingo den hurrengo udal osoko bilkuran lan eta inbertsio plan bat diseinatzea eskatuko du, Gasteizko auzo edo eremu ezberdinetan Etxebizitza Komunitarioak sortzen joan daitezen. Plan hori, Alberto Porras zinegotziak adierazi duen bezala, udal-taldeekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean egin behar da. «Beharrezkoa da adinekoentzako zerbitzuak hiriko auzo guztietan modu deszentralazituan kokatzea. Horrela, edozein adinekok bere komunitatearen inguruan behar duen gizarte zerbitzua edo laguntza eskuratu ahal izango du, bizi izan den auzoa utzi behar izan gabe», adierazi du Porrasek.

Gaur egun, eta EH Bilduk eskatuta udal gobernuak helarazi dituen datuen arabera, Gasteizek 3 etxebizitza komunitario
publiko ditu: Vico Aurora (34 plaza) hiru bizikidetza-unitatetan banatuta; VICO Los Molinos (30 plaza) hiru bizikidetza-unitatetan banatuta; eta CIAM San Prudentzioko 3. solairuan kokatuta dagoen VICOa (24 plaza), bizikidetza-unitate bakarrean. Hau da, 58 plaza erdialdean, 30 Adurtza auzoan, eta gainontzeko auzoetan plaza bakar bat ere ez. Eta datuei dagokienez, 2021eko apirilaren 30ean 182 pertsona zeuden etxebizitza komunitario bat eskuratzeko itxaron-zerrendan.

«Bi datuak kontuan hartuta, argi dago premiazkoa dela etxebizitza komunitarioko baliabide berriak sortzea, plazen eskaintza handitzeko; izan ere, egungo eskaria eskaintza baino handiagoa da, eta horrek itxarote-zerrendak sortzen ditu, eta ez zaie erantzuten baliabide mota hori behar duten adinekoen premiei», adierazi du EH Bilduko zinegotziak.

Etxebizitza komunitarioak «bizitoki kolektibo iraunkorreko zerbitzu bat dira, bizikidetza-unitateetan antolatua, gehienez ere 14 pertsonarentzat, 1. mailako men
pekotasun-egoera aitortua duten 65 urtetik gorakoentzat. Arreta eredua pertsonarengan oinarritutakoa da. Laguntza profesionalak eskaintzen ditu egun osoan, oro har intentsitate ertainekoak, tutoretzakoak, bitartekotza-bitartekaritzakoak, gizarte-laguntzak eta ikuskaritzakoak, bai eta arreta pertsonala ere, adinekoari komunitate-ingurunean eusten lagunduz eta haren integrazio indibidual eta kolektiboa erraztuz».

Horregatik, Udalak ematen duen etxebizitza komunitarioaren definizioa bera betetzeko, bizitegi-baliabide horiek ingurune komunitarioan adinekoa mantentzea ahalbidetzen duten inguruneetan kokatu behar dira, haren integrazioa erraztu. Hau da, zerbitzu sozialen azken helmuga izan beharko litzateke adineko pertsonek euren inguru gertukoan segitzea, arretari jarraipena ematea, eta, horrela, pertsonak aukera izango du eusteko bere errutinei, lagun hurbilekin dituen loturei, eta harreman sozialei, euren aisialdi denbora baliatuz, egoitza baliabide batera joan aurretik.