Joan den ostiralean, uztailaren 4an, Xabier Añua (Gasteiz, 1935eko maiatzaren 29a) gasteiztarra hil zen, 90 urte zituela. Gasteizekin eta gure herriarekin lotura eta konpromisoa duen pertsona bat. Bere bizitza abokatutzan, kulturan eta politikan eman zuen, eta gainera bere anaiarekin batera Gasteizko Jazzaldiaren aitzindari izan zena, baita saskibaloian maisu eta hedatzaile ere, jokalari eta entrenatzaile gisa. Horregatik guztiagatik, Euskal Herria Bilduk, herritarren eskaerari erantzunez, Erakunde Adierazpen baten bidez proposamen hau helaraziko du, Mendizorrotzako kirol pabiloiaren izen ofiziala aldatu eta 'Añua Polikiroldegia' izendatzeko.
Euskal Herria Bilduko bozeramaile Rocio Viterok eskaera hau Bozeramaileen Batzordera eramango du datorren astelehenean, uztailak 14, eta adierazi duenez, «Xabier Añua gizon zintzoa zen, gure herriarekin konprometitua, kirolean aitzindaria eta, batez ere, gizon maitagarria. Horregatik, Xabierrek gure hiriari eman dion guztiaren omenez, jasotako maitasuna itzuli nahi diogu, Mendizorrotza pabilioia ‘Añua Polikiroldegi’ bezala berrizendatuz».
Añuak Gasteizen izena Europako txoko guztietara eraman du saskibaloiaren bidez. Gasteiztarra jokalaria izan zen, baina, gainera, Baskonia, KAS edo FC Bartzelona bezalako taldeak entrenatu zituen, besteak beste, eta Gasteizko kirol honen bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Oinarrizko kirolari ere lotuta egon zen beti, eta entrenatzaile ere aritu zen.
Horrela, eta izendapen honen bidez, kulturarekin izan duen konpromisoari ere balioa ematen zaiola uste dugu. Izan ere, bere anaia Iñakirekin batera, Gasteizko Jazzaldi festibalaren sortzaileak izan dira, eta, gainera, egunotan festibalaren 48. edizioa ospatzen ari dira. Jaialdi honen egoitza nagusia pabiloi horretan dago.