Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du Goikolarran lokal bat erosteko lehiaketaren hasiera, bertako auzo elkartearen egoitza izan dadin. Lizitazioa Udal Gobernuak EH Bildurekin sinatutako aurrekontu akordioaren parte da. Bertan gizarte-etxe berria egokitzeko 150.000 euroko partida bat agertzen da.
Gasteizko auzo-elkarteen egoitza izateko espazioak bideratzea Gasteizko Udala hiriko auzo guztietan aspalditik betetzen ari den konpromisoa da. Jarduketa-esparru horretan, orain arte, Goikolarrako bizilagunen elkartea higiezin txiki bat ari da partekatzen Gardelegiko Kontzejuarekin. Hala ere, egoitzaren tamaina txikia eta erakundeen izaera kontuan hartuta, bi jarduerak bereiztea komeni da, eta, beraz, aurrekontu-itunaren barruan auzotarren kolektiboari lokal propioa ematea erabaki zen.
Udal Gobernuak gaur onartu duen prozeduraren helburua beheko solairuan 170 eta 180 m2 arteko azalera eraikia duen lokala erostea da. Maider Etxebarria alkatearen ustez, “lizitazio horrek auzoetarako proiektu zehatz eta erabilgarrietan aurrera egitea ahalbidetuko du, eta hiriko elkarte sarearekin dugun konpromisoan emango dugun beste urrats bat da. Hori da defendatzen dugun hiri eredua: auzo erakundeek ahotsa eta aurrera egiteko behar diren bitartekoak dituzten hiri parte hartzailea”.
Bestalde, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “EH Bildutik Goikolarran bizi diren pertsonen auzo-eskaerari erantzuteko sartu dugu aurrekontu partida hori. Auzo honek elkartzeko eta aisialdiko jarduerak gauzatzeko gune bat behar du. Hiriko auzorik gazteena da, auzo berria, eta horrelako oinarrizko ekipamenduak eman behar dizkiogu”.