Gasteizko Alde Zaharreko baldintza bereziak kontuan hartuta, komunitate energetikoak sortzeko eskatuko du EH Bilduk hurrengo udalbatzarrean. Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Bereziak (PERI) debekatu egiten du teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzea, «aireko irudiaren izaera ikonikoa babesteko neurri gisa». Hori dela eta, energia sortzea auzorako iturri berriztagarrien bidez zaildu egiten da. EH Bilduk azaldu duenez, debeku hori ez dute zalantzan jartzen, baina Udalak trantsizio ekologikoa errazteko duen erantzukizuna azpimarratu dute.
Xabier Ruiz de Larramendik prentsaurrekoan azaldu duenez, «Gasteiz energia-komunitateetan gehien inbertitzen duen euskal udalerria izatea lortu dugun honetan, Alde Zaharrak dituen baldintza espezifikoei erantzuteko unea da, bertako bizilagunekin eta saltokiekin batera trantsizio ekosozialean aurrera egiteko».
Zinegotziak adierazi duen bezala, «etxebizitzen %87k E edo F kalifikazio energetikoa dute, eta horrek esan nahi du A kalifikazioa duen etxebizitza batek baino 4-7 aldiz kontsumo handiagoa dutela. Bestalde, Alde Zaharra Monumentu Multzo gisa katalogatuta dagoenez, gaur egungo PERIak eta prestatzen ari denak debekatu egiten dute teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzea eta hiriko gainerako tokietan ikusten ditugun inguratzaile tradizionaletara jotzea eraginkortasuna hobetzeko». Ruiz de Larramendiren arabera, faktore horien ondorioz, auzoak ezin du energia iturri berriztagarrietan aurrera egin eta ezin du haren eraginkortasuna modu errazean hobetu.
Egoera ikusita, EH Bilduk arreta jarri du kudeaketa formula partekatuetara jotzeko premian, hirigintza babesa eta energia berriztagarrien sorrera bateragarri egiteko. Gainera, antzeko formulak probatzen ari dira beste udalerri batzuetan, eta Gasteizek baldintza ezin hobeak ditu garatzeko, bai energia-komunitateetan inbertitzen duelako, bai Eraldaketa Komunitarioko Bulego bat duelako, jarduera partekatuko proposamen bat koordinatu eta garatu ahal izateko.