AKTUALITATEA


| 2026-04-21 09:59:00

Vitoria-Gasteizko Udalak Gasteizko Merkataritzako Belaunaldi Erreleborako Ekintza Plana jarri du abian, eta, horri esker, parte hartzen duten pertsonek doako aholkularitza teknikoko hainbat saio izango dituzte, negozioaren eskualdaketa arrakastaz egin dadin. Udal Gobernu Taldearen eta EH Bilduren arteko 2026ko aurrekontu-akordioari esker abian jarriko den zerbitzu berri horretan 65.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak.

Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak eta María Nanclares Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak parte hartu dute Plana aurkezteko prentsaurrekoan.

EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek adierazi duenez, “garaiz jarduten ez badugu, erretiroa hartzeko zorian dauden merkatari askok euren negozioak itxiko dituzte, eta ez bideragarritasun faltagatik, planifikazio ezagatik baizik. Horregatik, ez da nahikoa laguntzak eskaintzea, aurrea hartu eta plangintza bat egin behar da. Gaur aurkezten dugun Ekintza Planak akonpainamendua egitea eta txandatze prozesua antolatzea du ardatz. Atez ateko lan horrek kasu bakoitza ezagutzeko, bideragarritasuna aztertzeko eta bide-orri argi bat zehazteko aukera emango du. Hau da, ekimen honi esker, eredu proaktibo batera igaroko gara, non administrazioa hurbildu, entzun eta lagundu egiten duen, saltoki gehiago itxi ez daitezen”.

“Plan honekin, gure helburua da Gasteizen kalean kokatuta dagoen tokiko merkataritzaren jarraitutasuna eta iraunkortasuna bultzatzea, belaunaldien arteko erreleboa eraginkortasunez bultzatuz. Eta erretirotik gertu dauden titularrak dituzten saltokietan aldez aurretik lan eginez egingo dugu, balizko ekintzaile berrientzako ingurune erakargarriagoa, irisgarriagoa eta bideragarriagoa sortuz”, azpimarratu du María Nanclares Ekonomia Sustapeneko, Enpleguko, Merkataritzako eta Turismoko zinegotziak.

Hurbileko merkataritzak kalitatea, hurbiltasuna eta jasangarritasuna ematen ditu, eta hori indartzeko, 2026an, Udalak % 17 handitu du merkataritzara bideratutako aurrekontua, 2,7 milioi eurora iritsiz.

Zenbateko ekonomiko horrekin, Udalak hainbat ekintza garatzen ditu. Horietako bat da, hain zuzen ere, Gasteizko merkataritzako erreleboaren esparruan prestatutako azterketa, 55 urtetik gorako jabeak dituzten hiriko saltokien egoerari buruzko datu zehatzak eskuratzeko. Oinarri horretatik abiatuta, Udalak Ekintza Plana egin du, aipatutako establezimenduekin lankidetzan hedatu beharreko neurriak jasotzen dituena.

Hasierako diagnostikoak egiaztatu du Gasteizko merkataritzak belaunaldien arteko erreleboarekiko jarrera positiboa duela. Gestoreak beren saltokien egoera ekonomiko eta operatiboari buruzko informazio zehatza ematearen alde agertu dira eta, gainera, eskualdaketaren osteko lehen hilabeteetan erosleari laguntza eta negozioaren funtzionamenduari buruzko prestakuntza eskaintzeko prest daude. Bestalde, erreleboa aurrera eramaten laguntzeko programekin elkarlanean arituko direla adierazi dute. Horietako bat da, hain zuzen ere, gaur aurkeztutakoa.

Negozio txikiak dira, familiarrak, hirian errotuta daudenak eta beren produktuei irteera emateko onlineko salmenta aurreikusten ez dutenak. Horietatik % 36k jarraipena bideratuta dute, % 25ek hasiera batean itxiera bakarrik planteatzen dute eta % 39k ez dute argi erreleboaren inguruan zer aurreikuspen duten.

Gasteizko Udalak belaunaldien arteko erreleboari helduko dio udal-esparru egonkorretik, saltokiak beranduegi izan baino lehen errelebo-zirkuituan sar daitezen. Era berean, saltokien eskaintzaren eta erosle potentzialen eskaeraren arteko merkatu-lotura erraztuko du. Gainera, alderdi legalei, finantzarioei, operatiboei eta emozionalei dagokienez arriskua gutxituko du.

Gasteizko Merkataritzako Belaunaldi Erreleboko Planak 200.000 euroko zuzkidura du, eta gaur aurkeztutako hasierako landa-lana eta ekintza-plana biltzen ditu, bai eta errelebo-eragiketaren bat osatzen duten pertsonentzako laguntzak ere.