EH Bilduk akordio bat bilatuko du aste honetako udalbatzan, Suhiltzaileen Zerbitzuan edo SPEISen (Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua) ezarri beharreko hobekuntzak zehaztuko dituen Esparru Proiektua aurkez dadila eskatzeko. Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, egungo egoera ezin da mantendu: «Espazio arazo estrukturalak daude, oinarrizko lanetarako lekurik ez dago, etab. Inbertsioak eta SPEISen instalazioen mantentze-lanak ez dira egokiak izan, eta horrek zaildu egiten du zerbitzu egokia eskaini ahal izatea eta langileen baldintzetan eragina izaten ari da. Instalazioak moldatu behar dira, egungo beharretara egokitzeko».
2025eko urtarrilean, udal-gobernuak akordio bat sinatu zuen Udaleko Langileen Batzordearekin. Akordio horretan, 2025etik 2026ko lehen hiruhilekora bitartean ezarri beharreko zenbait konpromiso eta ekintza jasotzen ziren. Bertan honako hau jasotzen zen: "Parkearen egoeraren diagnostikoa eta 2025-2027an ezarri beharreko hobekuntza-proiektua. Abiapuntuko diagnostiko hori 2025eko 1. hiruhilekoan kudeatuko dute udaleko langileek (Mantentze Zerbitzua eta/edo Hirigintza Saila), eta oinarri teknikoa izango da, hala badagokio, hobekuntzak egiteko Esparru Proiektua lizitatzeko, epe eta aurrekontu-partida progresiboekin, pleguetan zehazten diren ohiko epeekin".
Hala ere, diagnostikoa eginda badago ere, Esparru Proiektua ez da oraindik aurkeztu, eta adostutako epea 2026ko lehen hiruhilekoan amaitu zen. Bitartean, suhiltzaileen parkeak hondatzen jarraitzen du inbertsio eta mantentze faltagatik.
«1981eko Gasteizerako diseinatutako SPEISen instalazioak ez datoz bat zerbitzuaren eta hiriaren egungo beharrekin», berretsi du zinegotziak. Izan ere, esku-hartze motak aldatuz joan dira: «Egungo eraikinen eraikuntza-material berriek substantzia kaltegarriagoak sortzen dituzte sute bat gertatzen denean. Eta horren ondorioz, jantziak, Norbere Babeserako Ekipoak, autobonba kamioiak eta mota horretako suteak itzaltzeko erabiltzen diren gainerako ibilgailuak higienizatzeko espazioak sortu behar dira».
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Esparru Proiektua aurkezteko eskatuko du osoko bilkuran, SPEISen beharrezko hobekuntzak hasi ahal izateko eta Batzordearekin lortutako akordioaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bilerak egin daitezen, akordioa betetzen dela bermatzeko.