EH Bilduk LGTBIQ+ kolektiboaren memoria balioetsi eta ezagutzera emango duen proiektu bat sortzeko proposamena helaraziko dio ekaineko udalbatzari. Rocio Vitero EH Bilduko bozeramailearen esanetan, proiektu hori, gainera, Gasteizko LGTBIQ+ elkarteen eta gizarte eragileen eskutik egin behar da.
«Desberdinaren kontrako edo arautik ateratzen denaren aurkako gorroto diskurtsoak ugaritzen ari diren honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da oroimenari eta kolektiboaren borroka historikoari lotutako proiektu bat sortzea, bizikidetzan egindako ekarpenak aitortzeko proiektu bat, eta berdinzaleagoa den eta pertsona guztiekin konprometituagoa dagoen Gasteiz baten alde egindako lana aitortzeko proiektua. Memoriak ez dutelako iragana bakarrik gogoratzen; etorkizuna eraikitzen ere laguntzen dute. Belaunaldi berriak aniztasunarekiko errespetuaren eta edozein diskriminazio-moduren aurkako borrokaren garrantziaz sentsibilizatzeko balio dute. inolako eskubiderik irabazitzat ez ematea eta berdintasunaren aldeko borroka egunero egiten dela jakitea», adierazi du bozeramaileak.
Hamarkadetan, LGTBIQ+ pertsonek diskriminazioa, jazarpena, gizarte-bazterketa eta indarkeria jasan dituzte, eta gizarte-arriskugarritasunari eta gizarte-errehabilitazioari buruzko legeari ere aurre egin behar izan zioten, 1995era arte erabat indargabetu ez zena. LGTBIQ+pertsonen historia, neurri handi batean, historia kolektiboko kontakizun ofizialetik kanpo egon da.
Zentzu horretan, ekainaren 28an, munduko hiri askok ikusiko dute jendeak nola hartzen dituen kaleak LGBTIQ+ pertsonen eskubideak aldarrikatzeko. Eta egingo dute, oraindik ere, 2026an, ahots askok zalantzan jartzen dituztelako sexu eta genero disidentziak.
«Atzoko eta gaurko LGTBIQ+ errealitateak ikusaraztea funtsezkoa da. Izan ere, asko dira gure kaleetan mugimenduak bizi izan dituen istorioak, asko dira burutu diren borrokak eta irabazitako lorpenak. Hala ere, memoria baliotsu hori eta lan hori balioan jarri eta zabaldu egin behar da. Eta bai, datorren ekainaren 28an Gasteizko kaleak hartuko ditugu berriro ere sexu eta genero disidentzia guztiak aldarrikatzeko, kolektiboaren borroka ikusarazteko, aniztasuna ospatzeko eta pertsona guztien eskubideen alde borrokatzen jarraitzeko», dio Viterok.
Gasteiz erreferente izan da berdintasunaren aldeko borrokan, batez ere gizarte-mugimenduei eta beren denbora eta bizitzak justizia soziala areagotzera dedikatu dituzten milaka aktibistei esker. Hemen kokatzen dira, halaber, EHGAM, ALA, Gaytasuna, GazteLesbos, Gaztegays, Lesgaytegi, 7menos20, Lumagorri eta Súkubo bezalako mugimenduak. Horietako askok gaur egun 28J koordinadora osatzen dute, besteak beste, ekainaren 28ko aldarrikapen-ekitaldiak antolatzeaz arduratzen dena.
Gasteiz, bere erakundeen bitartez, Estatuko lehen hiria izan zen 1994an, sexu bereko pertsonekin egindako izatezko bikoteen erregistroa onartzen. «Nahiz eta behin tokiko administrazioak ekimena hartu zuen herritarren eskaerei erantzunez, duela urte batzuk kolektiboaren eskaerak eta aldarrikapenak betetzetik urrun geratu da. Horregatik, EH Bilduk hurrengo udalbatzan eskatuko du, kolektiboarekin batera, LGTBIQ+ memoriari balioa emateko eta hura ezagutzera emateko proiektu bat egitea».