Vitoria-Gasteizko Udalak laguntza-lerro berri bat jarri du abian, Arabako hiriburuan finkatuta dauden saltokien belaunaldi arteko erreleboa bultzatzeko. Horretarako, 100.000 euroko aurrekontua finkatu da, Gobernu Taldeak eta EH Bilduk 2025ean adostutako aurrekontu-akordioari esker.
Maria Nanclares Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak parte hartu dute deialdia aurkezteko prentsaurrekoan.
“Gasteizko Udalak hurbileko merkataritza sustatzearen aldeko apustua egiten du; hau da, bere kalitate, gertutasun eta jasangarritasun handiagoaren alde. Laguntza berri hauen bidez (100.000 euro bideratuko ditugu), ekiteko interesa duten pertsonei lagunduko diegu, beren lan-bizitzaren amaieran dauden negozio errentagarriek eskaintzen duten aukera aprobetxatuz”, adierazi du Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi María Nanclaresek.
Bestalde, Aitziber Salazar zinegotziak adierazi duenez, “EH Bildun aurrekontuen akordioaren barruan sartu dugu neurri hau, gure ustez beharrezkoa delako tokiko merkataritza babestea, komertzioek pertsiana irekita mantentzen jarrai dezaten eta hiriari bizia ematen jarrai dezaten. Horregatik, gaur abiaraziko dugun deialdi berri honek belaunaldien arteko txandatzea bultzatu nahi du, 12.000€-rainoko laguntza emanez parte hartzen duten saltokiei. Horrela, berretsi egiten dugu gure konpromisoa tokiko merkataritzaren jarraitutasunarekin, enplegua sortzearekin, ezagutza eta kapital ekonomikoa transmititzearekin eta gure hirian talentu gaztea finkatzearekin.”
Gasteizko merkataritza sektoreko negozioetan belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko dirulaguntzak bi lerrotan banatuko dira. Lehenengoak 2.000 eta 7.000 euro arteko itzuli beharrik gabeko laguntza aurrez ikusten du erretiroa hartzear dauden kudeatzaileen negozioak beren gain hartzen dituztenentzat. Zenbatekoa balorazio teknikoan lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da.
Bigarren lerro batek enpresa-transmisioko prozesua formalizatzeari lotutako gastuen % 50 diruz lagunduko du, hala nola notariotza-gastuak, aholkularitza eta laguntza teknikoa, eta abar. Laguntza horren muga 5.000 eurokoa izango da.
Horrela, lehen epigrafearen balorazioan % 100 lortu eta bigarren epigrafean 10.000 euroko gastuak justifikatzen dituen pertsona batek 12.000 euroko laguntza jaso dezake guztira.
Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak ezarri duenez, erreleboa jasoko duten saltokiek gutxienez 8 urteko antzinatasuna izan beharko dute, eta eskualdatu beharreko negozioak jardunean egon beharko du jardueraren titular berriaren alta baino gutxienez 6 hilabete lehenago arte.
Onuradunak jarduera bera eta kokapen berean mantendu beharko du, gutxienez bi urtez.
Saltokiek eta etxetresna elektrikoak eta bestelako kontsumo-ondasunak konpontzeko negozioek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan.
Diruz lagundu ahal izango dira 2024ko ekainaren 1etik 2025eko abenduaren 30era bitartean egindako ekintzak eta errelebo-gastuak.
Laguntza horiek Gasteizko Merkataritzaren Belaunaldien arteko Erreleboko Planaren barruan sartzen dira. Udalak 200.000 euro bideratuko ditu plan horretara, eta laguntza horiek jaso ditzaketen saltokiak zehazteko landa-lana eta txostenaren ondorioetatik abiatuta zehaztu beharreko hainbat ekintza barne hartzen ditu.