AKTUALITATEA


| 2026-07-20 08:36:00

Bide publikoan txikizkako saltokietatik kanpo produktuen erakusmahaiak jartzea arautzeko proposamena eramango du EH Bilduk hurrengo udalbatzarrera.  Hori dela eta, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez «txikizkako merkataritzak espazio publikoaren erabilera arautu egin behar du jarduera ekonomikoaren garapena eta bide publikotik irisgarritasun-bermeekin ibiltzeko eskubidea uztartu ahal izateko».

Horretarako, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du bide publikoaren erabilera hori aginduko duen araudi bat izatea, eta azpimarratu du erregulazio horrek zaindu behar duela erakustokiak modu seguruan eta irisgarritasun-baldintzak errespetatuz jartzea.

Erregulazio honen beharra ez da berria, izan ere, 2021ean udal gobernuak berak iragarri zuen gai honen inguruko ordenantza bat egingo zela. Araudia idazteari ekin zitzaion, eta merkataritza-mahaira eraman zen. Are gehiago, hainbat erakunderen ekarpenak jaso ziren prozesu horretan. «Hala ere, 5 urte baino gehiago pasa arren, ez da aurrerapausorik eman erregulazioan, nahiz eta arazoek bere horretan jarraitzen duten. EH Bildun jakin dugu saltokiak zigortzen ari direla erakusmahaiak kalera ateratzeagatik, bide publikoaren ordenantzan oinarrituta. Horregatik, jarduera hori arautzea nahi dugu, inplikatutako alderdi guztientzat berme guztiekin jarduteko», azaldu du Viterok.