EH Bilduk ekarpenak egin dizkio, zuzenketen bidez, konpainiako edo familiako animalien babesa, ongizatea eta edukitze arduratsua arautzeko Ordenantza proposamenari. Ekarpen horietan, alderdiak berretsi egiten du Gasteizen animalien babesa eta ongizatea zein gizalegea eta bide publikoko bizikidetza bermatzeko konpromisoa. Zentzu horretan, Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «animalien ongizatea zainduko duen hiria nahi dugu, enpatikoa eta jabeen eta animalia horien premien aurrean sentibera izango dena, eta, aldi berean, bide publikoan portaera egokia izatearekin uztartuko duena, bizikidetzan eta oinezkoen arteko errespetuan oinarritua».
Horrela, EH Bilduk 9 zuzenketa aurkeztu dizkio ordenantza proposamenari, animalien babesean eta horien edukitze arduratsuan sakontzeko helburuarekin.
Ildo horretan, EH Bilduk egindako proposamenen artean dago Animalien Babeserako Zentroak (ABZ) adopzioen eta harreren ondorengo jarraipena egitea, bereziki harreraren ondorengo lehen aldian, animalien ongizatea egiaztatzeko, aholkularitza emateko eta osasun- eta identifikazio-betebeharrak betetzen direla bermatzeko, besteak beste. Gainera, EH Bilduk proposamenak egin ditu ere katu kolonien gaineko kontrola handitzeko, bai animalien ongizatea bermatzeko, bai osasun publikoa eta higienea bermatzeko, kolonia horiek eta horiek zaintzen dituzten pertsonak arriskuan jarri gabe.