AKTUALITATEA


| 2026-08-03 11:13:00

Bihar, abuztuak 4, arratsaldeko 18:00etan,  Andre Maria Zuriaren plazan Gasteizko jaiei hasiera ematen dien Zeledonen jaitsiera egingo da, urtero bezala. Hori dela eta, EH Bilduk gonbidapena luzatu nahi izan die hainbat gizarte eragileei, jaitsiera San Migelgo balkoitik ikusteko, eta horrela euren aldarrikapenak jaiaren erdigunera eraman ahal izateko. EH Bilduk gonbidatutako kolektiboak Salburuako Harrera Sarea, Martxoak 3 Elkartea, Sare eta Ikusgune dira.


Horrela, EH Bilduk jai irekiak, integratzaileak eta pertsona guztien gozamenerako jaiak izatea bilatzen du, eragile soziealen bidezko aldarrikapenak ahaztu gabe.


Jaiak errespetuz gozatzea

Jaien hasieraren atarian, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak dei egin du «jaiez errespetutik gozatzera, indarkeria matxistarik eta LGBT+fobikorik gabeko aisialdi eta jai guneak partekatzera. Hau da, pertsona guztiek askatasunez gozatzeko moduko giroan ospatzea jaiak».