Vitoria-Gasteizko Udalak 35.900 euro inbertituko ditu Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza eta Zerbitzuen Federazioak (FEDASOC) antolatutako Almendrako Merkatua eguneratzen, hileko lehen larunbatero. Udal-gobernuak EH Bildurekin 2026an hitzartutako aurrekontu-akordioari esker bideratuko da egitasmoa.
Almendrako Merkatuaren Biziberritze Plana aurkezteko egindako prentsaurrekoan, María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Rocío Vitero EH Bildu taldeko bozeramaileak hartu dute parte. Bertan izan dira, halaber, Mari Mar Ortiz, FEDASOCeko presidentea, eta Patricia García, Gasteiz Oneko gerentea.
“Gure helburua da Almendrako Merkatuari eduki eta sakontasun handiagoa ematea, gure hirian dagoeneko finkatuta dagoen ekitaldia baita, duela bi hamarkada auzoa biziberritzeko eta tokiko produktua sustatzeko sortu zena. Bultzada berria emateko unea da, erakargarritasuna sustatzeko, bai gasteiztarrentzat, bai Arabako hiriburua bisitatzen dutenentzat. Urtean 75.000 pertsona baino gehiago biltzen ditu hitzordu horrek”, iragarri du María Nanclaresek.
Rocío Vitero EH Bildu udal-taldeko bozeramaileak, bestalde, honako hau adierazi du: “Oinarrizko 2 helburu beteko ditugu. Alde batetik, tokiko merkataritza bizirik mantentzen laguntzea; izan ere, saltoki txikiei laguntzeko gunea da, produktuen zuzeneko salmenta ahalbidetzen duena, eta ikusgarritasuna emateko ere balio du. Bestalde, Gasteizko zein kanpoko pertsonak gure erdigunea bisitatzera erakarriko ditugu, eta Alde Zaharra topagune bihurtuko da, eta horrek hirigune historikoa biziberritzea dakar. EH Bilduk merkatu hauen aldeko apustua egiten du, haien balio kultural, sozial eta historikoari esker, gure almendraren bizitza eta merkataritzaren bizitza mantentzen laguntzen baitute”.
Almendrako Merkatuak Alde Zaharra leku dinamiko eta aktibo eta merkataritza-eskaintza berezidun toki gisa sustatzen du. Horrez gain, gasteiztarrak eta bisitariak auzo horretara eta bertako merkataritza- eta ostalaritza-eskaintzara hurbiltzeko pertsona-fluxuak sortzen ditu, eta hurbileko merkataritzan erosketak bultzatzen ditu. Udalak 60.000 euro inguru jartzen ditu urtero udal-aurrekontutik ekitaldi horretarako.
Udal Gobernuak EH Bildurekin 2026an adostutako aurrekontu-akordioari esker, Udalak 35.900 eurotan handituko du bere ekarpena, bertan berrikuntzak ezartzeko. Espazio hori dinamizatu nahi duen programazioak haurrentzako jarduerak biltzen ditu, hala nola tailerrak eta kaleko dinamizazio-ekintzak, baita publiko guztiarentzako proposamenak ere, hala nola magia saltokietan eta ostalaritzako-lokaletan, kale-antzerkia, musika-dinamizazioa eta gastronomia sustatzeko ekintzak.
Proiektu horren barruan sartzen da, halaber, merkatuaren seinaleak eta irudia hobetzea, informazio-posturako roll up berrituak diseinatuz eta editatuz, baita plotter publizitario bat ere, Andre Maria Zuriaren plazan.
Aurrekontu-partida horri esker, FEDASOCek gaikako merkatuak eta bestelako dinamizazio-jarduerak antolatuko ditu.