AKTUALITATEA


| 2020-01-13 12:18:00

Inguruan ustelkeriagatik eman diren azken epaien larritasunak eta ustelkeriari aurre egiteko mekanismo independente eta eraginkorrak martxan jartzeko itxurazko gogorik ezak sortutako alarma sozialaren aurrean, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du hurrengo osoko bilkurara eramateko. Mozio horretan, Udalari eskatuko dio EAEko ustelkeriaren aurkako Fiskaltza sortzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Fiskaltza horrek eman dezala diru publikoa bidegabe eta legez kontra erabiltzearen aurka borrokatzeko behar duen guztia.

Mozio horren bidez, EH Bilduk osoko bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzea Ertzaintzaren ustelkeriaren aurkako unitate espezializatu bat sor dezala nahi du, eta, EAEko Legebiltzarrak 2019ko otsailaren 28an onartu zuen bezala, berehala handitu ditzala Ertzaintzak ustelkeria-delituen aurka erabiltzen dituen baliabide materialak eta giza baliabideak, eta handitu dezala horiek ikertzen diharduten agenteen kopurua, behar den prestakuntza eta kualifikazioa emanez.

Era berean, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen mozio horrek "jardunbide egokien eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege-proposamenaren" tramitazioa bizkortu eta ez luzatzea bilatzen du, lege hori XI. legealdi hau amaitu baino lehen onartu ahal izateko. 2019ko ekainean, Arbitraje Batzordeak aurkeztutako errekurtsoei buruzko erabakia argitaratu zuen, eta lege-proposamena Legebiltzarrera bidali zuen, zehazki, Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordera. Ordutik, lege-proposamena blokeatuta dago EAJ-PNV buru duen batzorde horretan, eta ez da inolako urratsik egin haren izapidetzea suspertzeko.

 

Alkatearen agerraldia

EH Bilduk ustelkeriarekin lotutako jarduera guztiak bertan behera uztea eskatu du. Gorka Urtaran alkateak Stoaren kontratuari eta Miñaoko Parke Teknologikoaren handitzeari buruzko azalpen zehatzak eman zitzan eskatu zuen agerraldian egin du hori, eta Felix Gonzalez eh bilduko zinegotziak berariaz aipatu du De Miguel kasua gaitzesteko epaia: "Kontratu horretan oinarritu ziren Miñanoren sektorizazioa eskatzeko. Atzera egingo duzue? Azaroan, oposizio osoak PPren mozio baten aldeko botoa eman zuen, eta lursail horiek desklasifikatzeaz ere hitz egin zuten. Guretzat Stoako kontratuan oinarritutako lan guztiak alde batera utzi behar dira". Gainera, "Handitzeko bide hori ixteko garaia" dela berretsi du, "osoko bilkuraren gehiengoa kontra duelako".

Gainera, EH Bilduk Koldo Ochandianorekin dagoen lan harremana etetea eskatu du, "Ulertezina da 'azeria oilategian' mantendu nahi izatea", izan ere, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, epaian frogatutako delituek ABBko kide ohiaren -2019an berriro ere Parke Teknologikoan onartua izan zena- eroskeria eta prebarikazio delituak jasotzen dituzte. “EAJko jendea daukazue EAJk zuzendutako administrazioetatik dirua jasotzen” salatu du Gonzalezek.