AKTUALITATEA


| 2026-07-01 09:35:00

Gasteizko Udalak Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legean jasotako isun hertsatzaileen bidea berraktibatzea eskatuko du EH Bilduk uztaileko Udal osoko bilkuran, eta, behingoz, hamargarren isun hertsatzailea ezartzea Tangerreko Udalari, Alaba Eskibel jauregiaren jabeari. Izan ere, 2025eko abenduko osoko bilkuran, EH Bilduk ibilbide-orri bat adostu zuen udal gobernuarekin, eta, horren arabera, sei hilabeteko epean akordio bat lortu behar zen Tangerreko udalarekin jauregia birgaitzeko eta Udalarekin duen zorra ordaintzeko. Eta, hori betetzen ez bazen, osoko bilkuraren erabakiak isun hertsatzaileekin jarraitzea aurreikusten zuen.


Hamargarren zehapen hori Marokoko Udalak babestutako eraikinaren jabe gisa zituen betebeharrak ez betetzeagatik orain arte jarritako bederatzi isunen ondorengoa izango litzateke, eta hurrengo urratsari atea irekiko lioke. Aipatutako Legearen arabera, urrats hori, eraikina birgaitzeko helburuarekin, higiezinaren jabetza eskuratzeko prozeduraren hasiera izango litzateke.


Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «Tangerreko udalerriak ez ditu bete jauregi babestu hori mantentzeko eta birgaitzeko betebeharrak, eta, denborarekin, eraikinaren egoerak okerrera baino ez du egin. Osoko bilkuraren akordioa lortu eta sei hilabetera, marokoar udalak bete gabe jarraitzen du, eta Udalak neurriak hartu behar ditu behingoz. Tangerrek 490.000 euro baino gehiago zor dizkio Gasteizi dagoeneko».


Izan ere, Gasteizko Udalak bederatzi isun-hertsatzaile ezarri zizkion Tangerri. Baina 2023ko maiatzera arte egin zuen. «Etxebarriaren gobernuaren sarrerarekin prozedura hori gelditu zen eta ez du isunik jarri legegintzaldi honetan. Hiru urte zehapenik gabe eta eraikina birgaitu gabe. Gainera, ez dira Jauregiagatik zor diren zergak ordaindu, eta horrek erakusten du Tangerrek ez duela egoera zuzentzeko borondaterik. Hau da, ez dago ezer 2020an hasitako isun hertsatzaileen bideari ez jarraitzea justifikatzen duenik», adierazi du EH Bilduko zinegotziak.