EH Bilduk Gasteizko Udalak Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legean jasotako isun hertsagarrien bidea berraktibatzea eskatuko du abenduko Udalbatzan, Tangerreko Udalari, Alaba Eskibel jauregiaren jabeari, hamargarren isun hertsatzailea jartzeko. Zehapen hori orain arte jarritako bederatzien ondorengoa izango litzateke, Marokoko Udalak eraikin babestuaren jabe gisa zituen betebeharrak ez betetzeagatik. Izan ere, EH Bilduko zinegotzi Xabier Ruiz de Larramendik adierazi duenez, «Tangerreko udalerriak ez ditu bete jauregi babestu hori mantentzeko eta birgaitzeko betebeharrak, eta, denborarekin, eraikinaren egoerak okerrera baino ez du egin».
Jakina da, utzikeria horren ondorioz, Udalak bederatzi hertsapen-zehapen ezarri dizkiola Tangerreko udalari. «Hala ere, PSEk aginte makila hartu zuenean prozedura hori gelditu zuen eta ez dio isunik jarri legealdi honetan. Aurreko gobernuak jarritako azken hertsapen-zehapenetik bi urte igaro direnean, Tangerreko gobernuak eraikina birgaitu gabe jarraitzen du, eta, gainera, ez ditu dagozkion zergak ordaindu ere egin. Horrek erakusten du bere aldetik ez dagoela egoera hori zuzentzeko borondaterik. Hau da, ez dago ezer 2020an hasitako isun hertsatzaileen bideari ez jarraitzea justifikatzen duenik. Eta udal gobernuari eskatzen diogu bide horri berriro ekiteko eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legean jasotako hamargarren eta azken zigorra jartzeko», adierazi du zinegotziak.
Izan ere, 2024ko urtarrilean, Etxebarriaren gobernuak iragarri zuen Tangerrekin harremanetan jarri zirela berriro, eta Jauregirako adostutako irtenbide baten alde egin zutela. Baina, gaur egun, eraikina ez da birgaitu, bere egoerak okerrera egiten jarraitzen du, eta Tanger udalak milioi erdi euro inguruko zorra du Udalarekin (428.480€). Zor metatua, hertsatzeko zehapenetatik hasi eta tasak eta zergak ez ordaintzeraino, zeinetan OHZ eta zabor-tasa kontzeptuan 38.512€-ko zorra metatu den.
Horregatik guztiagatik, eta hamargarren zigor horrekin batera, EH Bilduk eskatuko du Udalak higiezina birgaitzeko prozedura has dezala.