EH Bilduk salatu du PSEk eta EAJk osatutako udal gobernuak murrizketak egin dituela Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan. Zehazki, orain arte zerbitzua jasotzen zuten 92 pertsonari justifikaziorik gabe zerbitzua eten zaie. «100 pertsona ingururi eta haien familiei eragiten dieten murrizketa horiek geldiaraztea eskatzen dugu. Jende horrek zerbitzua behar du, eta horrela aitortu dio gizarte-langile batek. Ez saiatu murrizketak atzeko atetik sartzen. Eta ELZn eta haren finantzaketan arazoak badaude, eztabaida dezagun, behar duten pertsona guztiei zerbitzua bermatzeko», adierazi du EH Bilduko zinegotzi Alberto Porrasek.
Urrian, EH Bilduk jakinarazi zuen PSE-EAJren gobernuak 1.143 jakinarazpen bidali zizkiela "oinarrizko” ELZren hartzaileei, zerbitzuaren esleipena berrikusiko zela jakinarazteko. EH Bilduk behin eta berriz galdetu dio arlo horretako zinegotziari ea horrek zerbitzuaren murrizketa ekarriko zuen, eta Royero zinegotziak berak ezetz erantzun izan dio. 2025eko abenduan, Gizarte Politiketako zinegotziak EH Bilduren galderei erantzun die: "Berrikuspen prozesua hasi ondoren ez da zerbitzu bat bera ere baliogabetu, ezta amaitu ere egin". Hala ere, EH Bilduk gaiaren jarraipena egiten jarraitu du, eta otsailean Royero zinegotziaren erantzuna aldatu egin da: "Bidalitako 1.143 jakinarazpenetatik 157 berrikusi dira, eta horietatik 66ri ELZ zerbitzua eten zaie".
«Eta larriagoa dena, gaur onartzen digu (Gizarte Politiketako zinegotziak) ez direla 66, baizik eta 98 direla jada zerbitzuaren amaierak, eta horietatik 6 baino ez daudela justifikatuta. Hau da, hau murrizketa hutsa da. Eta murrizketa horiek bertan behera uzteko eskatzen dugu, orain arte aurreikusita dituzten 1.143 kasuetatik 193 berrikusi dituztelako, eta horrek esan nahi du berehala eteten ez badira, hilabete batzuen buruan askoz kasu gehiagoz hitz egingo genukeela», ziurtatu du Alberto Porrasek.
Gizarte Politiketako Sailak 1.143 pertsonen egoerak berrikustea erabaki du. Baina esan beharra dago, pertsona horiei zerbitzuea aitortu zaiela udaleko gizarte-langile batek aldez aurreko balorazio bat egin dielako eta behar hori aitortu dielako. Izan ere, profesionalak uste du laguntzak behar dituztela beren bizitza modu autonomoan garatzeko. Hala ere, udal gobernuak, gizarte langileen irizpidea urratuz, zerbitzu horiek etetea erabaki du.