AKTUALITATEA


| 2021-06-10 10:33:00

EH Bilduk salatu du Udalak gaizki jokatu duela eta horrek 300.000€ baino gehiagoko etekina ekarri diola FCC multinazionalari. Aatzerapen-interesei loturiko kontua da azken finean, eta horiengatik eta Udalaren ez-jarduteagatik FCC onura lortzen ari da. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «Prozedura irregular horiek multinazionalari mesede baino ez diote egiten, diru publikotik diru-sarrerak jasotzen baititu eman gabeko zerbitzuengatik. Aurtengo ekainera arte ia 300.000 ordaindu dizkiogu berandutze-interes gisa FCCri. Multinazional horren etekinak diru publikoz gizentzen ari da Udala, enpresak eman ez dituen zerbitzuengatik eta Urtaranen gobernuak aurre egiten jakin ez duelako».


FCCri esleitu zitzaion kale-garbiketa zerbitzuaren kontratua gatazkan murgilduta egon da hasieratik. 2018an, FCCrekin zuen kontratua bertan behera geratu zen, eta, orduan, Urtaranek esan zuen horrekin batera zerbitzu horri lotutako gatazkekin amaitu nahi zela. Baina, bi urte eta erdi geroago, gatazka hori ez dela desagertu ikusten dugu. «Gatazkarekin jarraitzen dugu eta, gainera, ordaindu egin behar dugu. FCCk errekurtsoa jarri du Udalari igorri dizkion hileroko fakturen aurka. Askotan esan dugu multinazional horiek auzitan jartzeko makinak direla, eta, hain zuzen ere, eskatzen zituzten irabaziak ateratzen ari dira, berandutze-interesen bidez eta eman gabeko zerbitzuengatik».


EH Bilduk jakin izan duenez, hilero, Udaleko zerbitzu teknikoek berrikusten duten faktura bat aurkezten du, emandako zerbitzuak egiaztatzeko eta aurreikusitakoarekin bat datozen ala ez zehazteko. Eman ez diren zerbitzuak fakturatik kentzen dira, eta une horretan jartzen du FCCk faktura bakoitzaren aurkako errekurtsoa eta, gainera, berandutze-interesak eskatzen ditu.

2016tik faktura guztiak errekurrituta daude eta gaur egun ia 300.000 euro dira Udalak ordaindu dituen berandutze-interesak. Gainera, badakigu ez direla ordainduko ditugun berandutze-interes bakarrak, oraindik ere epaiak baitaude irteteko. 2020an jada 201.041,97 €ordaindu dira 20 fakturen berandutze-interesen kontzeptuan, eta 2021ean 63.292,78 €11 fakturaren truke.


Egoera horrek arazo bikoitza dakar. Alde batetik, FCC dirua irabazten ari da Udalaren kontura, zerbitzu bat eskaini gabe eta auzietan oinarrituta. Bestalde, agerian geratzen da gatazka guztiek jatorri bera dutela: eman gabeko zerbitzuak. «Kontratuaren arabera, FCC zerbitzu batzuk betetzen egon behar zuen, eta ez da egiten ari. Eta hori kalean nabaritzen da. Badakigu herritarren postontzia garbitasun faltagatik edo hondakinak ez biltzeagatik kexaz beteta dagoela. FCCk ez du betetzen eta udalak, gainera, ordaindu egiten dio. Hori onartezina da, eta gobernuak horretarako aukera ematen dio», salatu du Villalbak, eta udal zerbitzuentzat eragiten ari den higadura azpimarratu du; izan ere, hilero administrazioarekiko auzietara joaten ari dira, horrek suposatzen dituen giza- eta denbora-baliabideekin.


EH Bilduk berriro defendatu du hori ez dela hiri honek merezi duen kudeaketa-eredua, eta beharrezkoa dela zerbitzu horren kudeaketa zuzenaren alde egitea. Ildo horretan, EH Bilduk kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzuaren bermunizipalizazioari buruzko argudioa indartu besterik ez du egiten.