AKTUALITATEA


| 2019-06-21 12:15:00

EH Bilduk jakin ahal izan duenez, joan den ekainaren 15ean, udalbatza berria eratu zen egunean bertan, Larrialdi Sozialeko Udal Zerbitzuen (SMUS) erabiltzaile bat identifikatu zuen Udaltzaingoak. Ondoren, Espainiako Poliziaren komisariara eraman zuten, eta han atxilotu, ziega batean sartu, eta kanporatua izateko dosierra jakinarazi zitzaion.

Gertatutakoa oso kezkagarria da, kontuan hartuta SMUSen erabiltzaileak ahuldade egoera berezietan daudela. «Gasteizen gizarte zerbitzuen babesa eskatzen duzunean, atxilotua izan zaitezke. Zerbitzu horien erabiltzaileak kriminalizatzen ari gara? Larrialdiko arreta zerbitzu horiek ezin dira sarbide bihurtu atxiloketak egiteko edo arrazan nahiz jaiolekuan oinarritutako eskubideen urraketarako», azaldu du Rocio Vitero zinegotziak.

Ez da halako gertaera bat jazo den lehenbiziko aldia. Joan den martxoaren 4an orduko Politika Sozialen zinegotzi arduradunak, Peio Lopez de Munainek, agerraldia egin zuen batzorde batean, antzeko salaketa bati erantzuteko. Zinegotziak ukatu egin zuen egoera irregularrean dauden pertsona atzerritarrak identifikatzeko protoloak indarrean daudela, esan zuen identifikazioek ez dutela «inolaz ere» pertsona horien legezko egoera kontrolatzeko helburua, eta ziurtatu zuen «kasu bakana» izan zitekeela. Ekainaren 15eko gertaerek agerian utzi dute ez zela izan kasu isolatu bat.

EH Bilduren ustez, gizarte zerbitzuetarako sarbidea ezin da mugatu pertsonen erresidentzia egoeraren arabera, eta Udaltzaingoak gizarte zerbitzuen egoitzetan egiten duen segurtasun jarduna ezin da inolaz ere erresidentzia egoera hori egiaztatzeraino zabaldu. Koalizioak politika sozialen eta segurtasunaren arduradun berriei azalpenak eskatuko dizkie, ahal bezain pronto.