AKTUALITATEA


| 2023-02-06 12:19:00

EH Bildu abstenitu egin da gaur Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren bozketan. Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak azaldu duenez, EH Bilduk bere proposamenetako batzuk gehitu izana nabarmendu du, baina uste du plan berriak ez duela aurreko eredua hausten. «EH Bilduk ekarpenak egin ditu lurzoru gehiago neurriz kanpo ez kontsumitzeko, ingurumenaren babes handiagoa bermatzeko eta Gasteizen alokairu babestuko etxebizitzen premiei erantzuteko, besteak beste. EH Bilduk egindako ekarpen batzuk dokumentuan jasota daude, eta haien balioa azpimarratzen dugu, baina uste dugu onartutako plana labur geratzen dela eta ez duela aurreko ereduarekiko benetako hausturarik eragiten, alderdi kaltegarriei eusten diela, alderdi berri batzuk barne hartzen dituela, eta espazio asko zehaztasunik gabe uzten dituela», ziurtatu du Gonzalezek.


HAPO berria egiteko prozesuan, EH Bilduk jarrera proaktiboa eta proposatzailea erakutsi du lurzoruaren kontsumo masiboan oinarritutako eredu bat hausteko asmoz. Eredu horrek milaka gasteiztar urrundu ditu periferiara, auzoak deskonektatuta utzi ditu, eta auzo berri horiek hornitzeko ondasun eta zerbitzuak garestitu dizkigu. Ez dadin ahaztu, EAJ, PSE eta PPren erabakiz sortu zen eredua zela.


EH Bilduren elkarrizketarako eta akordiorako jarrera irekiaren aurrean, EAJren eta PSEren gobernuak ez du inolako borondaterik izan, ez adosteko, ezta hitz egiteko ere. Protokoloak ezartzen zituenaz gain, ez da bilera bakar bat ere egin, eta horrek eragotzi egin du aurreko planaren ereduarekin haustea. Negoziaziorako espaziorik eskaintzen ez duen arren, EH Bilduk, erantzukizunetik, babesa eman die Baskevolt Miñaoko parkean edo, Zabalganako basoa errespetatuz,Mercedes handitzea bezalako proiektuetarako beharrezkoak diren aldaketei.

 

Hala ere, plan berri honen hutsune handienetako bat nabarmendu behar da: alokairu babestua ez bultzatzea. 2003ko Planak 60.000 etxebizitzatarako bizitegi-lurzorua sailkatu zuen, eta Gasteizen 350.000 biztanlerako aurreikuspena. 20 urte geroago, errealitatea da Gasteizen 250.000 biztanle daudela, eta, orain, EAJk eta PSEk 8 urtean 65.000 biztanle gehiago aurreikusten dituen Plana aurkeztu dute. Eta hori egiten dute oinarri dituen kalkulu demografikoek esaten dutenean, askoz jota, 267.000ra iritsiko dela 2030ean, eta krisi demografikoaren testuinguruan, jaitsiera ere aurreikusten dela. Eta are larriagoa, 10.000 etxebizitza inguru hutsik dituen hiri baterako aurreikuspen hori darabilte.


«Ia 9.400 dira Etxebiden izena eman dutenak Gasteizen alokairuko etxebizitza soziala eskatuz. Horri gehitu behar zaio gazteen emantzipazio-adina 30 urtetik gorakoa dela, eta alokairu-errentak 800€ ingurukoak direla hilean. Eta testuinguru horretan, gaur egun plan orokorra onartzen dutenek, EAJk, PSEk eta Elkarrekin, beste alde batera begiratzen dute», adierazi du Gonzalezek.


EH Bildu izan zen hiriaren hegoaldeko garapen berriak azaleratu eta azpimarratu zituena. Adibidez, Urssa-Campo de los Palaciosen 500 etxebizitza eta Olarizun 350 etxebizitza eraikitzeko planak. Une hartan talde batzuek beste aldera begiratu zuten. Bada, gaur egun berresten da hori salatzen asmatu dutela, hegoaldeko bizitegi-garapen horiek kendu egin baitituzte.


«Hegoaldean jarraituz, aipatzekoa da, halaber, EAJ-PSEren gobernuak ez duela kontrako adierazpen irmorik egin Hegoaldeko Erronda izenaz ezagutzen denari buruz; izan ere, EAJ-PSE gobernuak ez du zuzendu, batzuek sinetsi nahi duten arren. Dokumentuan ez dago adierazpenik egunen batean Hegoaldeko Erronda bat iristeko aukera eta horrek dakarren ingurumen-hondamendia ukatzen duenik», adierazi du Gonzalezek. EAJ-PSEren gobernuak alternatiben azterketari beharrezko eta behar besteko atzerapena aplikatu dio, HAPOren eztabaidan erabakitzaile gisa planteatutako gai horren emaitzak onartzeko egunean garaiz egon ez zitezen.


Beste alde batetik, baina ez larritasun txikiagokoa, VIAPen kontua dago. Gobernuak adierazi du gure industrialdeen aldeko apustua egiten duela, espazio berririk okupatu gabe, nekazaritza-lurrak inbaditu gabe'. Hala ere, «Plan honek VIAPerako duen planteamendua nekazaritza-lurra inbaditzea da, uholde-arriskua duen lurra izateak duen larritasunaz gain, dikea eraikita», ziurtatu du Gonzalezek.


Azkenik, etxebizitza turistikoen erregulazioari buruzko kapitulu «tamalgarria» aipatu nahi izan du EH Bilduk. Azken orduan, joan den abenduan atzera botatako aldaketa bat sartu du gobernuak. Aldaketa horren zati bat kendu egin zuten gero, eta hasierako aldaketa utzi dute, baina gaur egun ere ez du behar adinako babesik. «Tramitazio lardaskari batek atzeko atetik sartu nahi izan du babes nahikorik ez zuen aldaketa bat; eta askoz larriagoa dena, mesfidantza sentsazioa sortzen du letra txiki askoko milaka orriko dokumentu batean», amaitu du EH Bilduko bozeramaileak.