AKTUALITATEA


| 2025-09-08 10:47:00

Irailaren 13an, larunbatean, Arabako hiriburua euskararen hiri bihurtuko da ‘Gasteiz Euskararen Hiria’ ekitaldiarekin. Jai-giroa nagusi izango duen jardunaldi honen bigarren edizioa ‘Gastehiz herritik euskararen hirira. 1.000 urte lotzen gaituen haria’ lelopean egingo da, eta oso-osorik euskaraz izango den 14 orduko programazioa jasoko du. Andre Maria Zuriaren plazan eta Plaza Berrian izango dira, besteak beste, kontzertuak, DJak, bakarrizketak, bertsoak, herri-kirolak, zumba, drag show bat eta familian gozatzeko proiekzioak bilduko dituen programazioa. Guztira, 13 jarduera izango dira, eta 11:00etatik 01:00ak bitarte egingo dira.

“Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, aurten ordutegia zabaldu dugu, pertsona guztiek, euskara maila edozein dela ere, jardueretan parte hartu eta gozatzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Maria Nanclares Euskara zinegotziak. Era berean, honako hau gogorarazi du: “ekimen hau euskara eta haren normalizazioan egunez egun laguntzen duten kolektiboak balioan jartzeko helburuarekin jaio zen. Aurten, gainera, keinu historiko bat egin dugu Donemiliagan ‘Gastehiz’ toponimoaren lehen agerpen idatziaren milurtekoa dela eta”.

 Bestalde, EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek, azaldu du “bigarren urtez jarraian, Gasteiz ‘Euskararen Hiria’ bihurtu nahi dugu. Aurreko edizioaren arrakasta ikusita, beste behin ere euskara hirigunera eramango dugu, bai modu metaforikoan baita praktikoan ere, denona eginez. Euskaraz ospatzeko eta euskararen erabilera sustatzen, indartzen eta babesten duten pertsona guztiei eskerrak emateko eguna izango da.”

Programazioa

Geu Elkarteak, Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioari esker sortutako ekimenaren enpresa esleipendunak, 11:00etan Plaza Berrian hasiko den egitaraua antolatu du. Lehen jarduera haurrentzako ‘Pon eta Pa’ emanaldia izango da, eta jarraian aisialdiko eta kiroletako jarduerak iritsiko dira, Kimuaken eta Badaiotz sokatira-taldearen eskutik. 12:30etik aurrera, bertso-saioa egingo da Andre Maria Zuriaren plazan, eta 13:30ean, herri-kirolen erakustaldia izango da Espainia plazan.

Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, jarduera guztiak Andre Maria Zuriaren plazan egingo dira. Arratsaldeko programazioa kontzertu akustiko batekin hasiko da, Arrimuren eskutik. Ondoren, Julen Axpe umoregilearen bakarrizketa, euskal kultur jarduerak eta zumba saio bat izango dira. 20:30eandrag showa izango da ikusgai Andrigina&friends taldearen eskutik, eta 21:30etik aurrera, Trikoma eta Berriztu erromeria-taldeen kontzertuak hasiko dira. Jardunaldia amaitzeko, DJ Guate-k-en saioa izango da.

Gainera, ekitaldiak bertako produktuak dastatzeko eskaintza gastronomikoa izango du.