AKTUALITATEA


| 2025-09-17 09:33:00

EH Bilduk irailaren 26ko udalbatzan eskatuko du Arabako Foru Aldundiak eta Etxebizitza Ministerioak Arabako Alokairuaren Erreferentziazko Prezioen Indizea egin dezatela, Gasteiz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatzen denean alokairuaren prezioak mugatu ahal izateko. Era berean, talde politikoak Udal Gobernuari eskatu dio prezioen muga hori ahal bezain laster martxan jartzeko, etxebizitza eskuratzea errazteko.


Xabier Ruiz de Larramendi zinegotziak azaldu duenez, «gaur egun, Gasteizen tentsionatutako eremuaren izendapenak ez du balioko alokairuaren prezioak mugatzeko, Arabako Alokairuaren Erreferentziazko Prezioen Indizea eskuragarri ez badago, kasu honetan gertatzen den bezala. Horregatik, lehenbailehen egin dezatela eskatzen diegu Arabako Foru Aldundiari eta Etxebizitza Ministerioari». Izan ere, zinegotziak nabarmendu duenez, laster Gasteizen indarrean sartuko den bizitegi-merkatuko gune tentsionatuaren izendapenak «Udalari alokairuaren prezioa mugatzeko aukera emango dio».


Ruiz de Larramendik ziurtatu du Gasteizen alokairuko etxebizitzak eskuratzeko arazoa hain handia izan dela, neurri multzo bat martxan jarri behar dela, besteak beste, eremu tentsionatuaren izendapena. Izan ere, «etxebizitza oinarrizko elementua eta eskubidea den arren, etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa da udalerrian, merkatuko prezio garestiak, lan-prekarietatea eta soldata baxuak direla eta, pertsona askok ezin dutelako etxebizitza duin bat eskuratu eta, horrela, beren bizitzak izugarri baldintzatzen direlako». Gainera, adierazi du Gasteizen arazoak okerrera egiten duela alokairuko etxebizitzen eskaintza eskasa delako, eta, horren ondorioz, Etxebiden izena emanda dauden pertsonen zerrendak maximo historikoetan dagoela, 15.366koak baitziren jada 2025eko uztailaren 1ean.