AKTUALITATEA


| 2021-07-08 11:07:00

EH Bilduk mozio bat eramango du datorren osoko bilkurara, Osasun Sailari Lehen mailako Arreta indartzeko eskatzeko. Hala, Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko EH Bilduko zinegotziak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako iragarri berri duten «Osasun Zentroen ordutegi murrizketa bertan behera uztea» eskatu du. «Pandemiak zerbait erakutsi badigu, osasuna lehentasun bat izateaz gain, horrela tratatu behar dugula da. Ezin dugu osasun-arretan murrizketarik onartu, are gutxiago gaur egungo egoera larrian. Osasun Sailari eskatzen diogu Lehen Mailako Arreta indartu dezala, beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak ezartzeko, Gasteizko herritar guztientzako osasun-sustapeneko, gaixotasunaren prebentzioko eta osasun-arretako zerbitzuak bermatzeko», adierazi du zinegotziak.


EH Bilduren ustez, Lehen Mailako Arretan gertatzen ari dena urrunetik dator eta COVID agertu baino lehenagokoa da. Pandemiak okertu baino ez du egin. Eta, jakina, ez da kasualitatea, erabaki politikoen ondorioa baizik. «Egia da osasun profesional gabezia dugula, ospitaleetako lanak lehenesten direla, pediatra gabeziak ditugula... Baina guzti hori urteetako politiken ondorioa da eta horren aurrean alternatiba ezin da izan lehen arretako kontsultak ixtea edo murriztea», esan du Lopez de Aberasturik. Eta orain dagoen beldurra arrazoi sendoetan erabat oinarrituta dago; izan ere, Gasteizen, hain zuzen ere, duela bi urte, San Martingo EAGn itxiera bat planteatu zen, hasiera batean udarako bakarrik zena. Gerora ikusi genuen ez zela hala izango eta, are gehiago, gaur egun, itxita jarraitzen du.