AKTUALITATEA


| 2020-05-19 12:19:00

Osasun larrialdiari eta hortik eratorritako krisi sozioekonomikoari aurre egin ahal izateko, EH Bilduk uste du ezinbestekoa dela udalak planteamendu integral bat egitea. Planteamendu horrek finantzaketa nahikoa bermatu beharko du zerbitzuei eta premia berriei erantzuteko, baina ez du luzera begira udalaren jasangarritasuna kolokan jarriko. Bide horrek ezinbestean fiskalitatearen bi alorrak aintzat hartu behar ditu: diru-sarrerak eta gastuak.

EH Bilduk eginiko aurreikuspenen arabera, diru-sarreretan emango den erorketa 50 milioi euroren bueltan egon daiteke, diru sarrera propioak -tasa eta zerga propioak- eta Arabako Foru Aldunditik FOFELen bidez jasotzen den dirua kontuan hartuta. Gasteizko EH Bilduren bozeramaile Miren Larrionen iritzian, “jaitsiera teoriko hori orekatzeko eta arintzeko esku-hartzea beharrezkoa da orain. Premia eta behar berriak sortu dira, orain arte genituen udalerako genituen aurreikuspen ekonomiko eta fiskalek ez dute balio, lehentasunak aldatu direlako. Aurreikus daitekeen diru-sarreran erorketari aurre egiteko, udalak eskura dituen baliabide guztiak baliatzea beharrezkoa da orain”.

Halaber, Larrionek argi utzi du datorren egoera ezin dela 2008an hasitako krisiaren errepikapen bat izan: “Krisia ezin da ahulenen bizkarrean erori. Krisi horretan erabakiak hartu ziren gehiengo sozialaren aurka, eta oinarrizko zerbitzuen prekarizazioa eta murrizketa ekarri zuen. Ezin da gauza bera gertatu orain”. Horregatik, EH Bilduk neurri sorta bat proposatu du premia handiena duten alorrak indartzeko: osasuna, gizarte babesa eta suspertze ekonomikoa.

Krisia hasi zenetik EH Bilduk etenik gabeko harremanak izan ditu gizarte eta ekonomia arloko elkarte eta erakundeekin, eta uneotan sektore ezberdinetako eragileekin bilera erronda egiten ari da, beharren diagnostiko egokia egiteko. Krisia hasi zenetik EH Bilduk arduraz jokatu du. Inoizko krisi sakonena dugu esku artean, eta elkarlana da horretatik ateratzeko gakoa. EH Bildu prest dago bere ekarpenak egiteko eta gainerako alderdi, eta eragile sozial eta ekonomikoekin eztabaidatzeko eta adosteko. Horretarako esparru partekatuak eraiki behar dira, egokiena krisi mahaia izanik.

Udal diru-sarrerak indartu

EH Bilduk, diru-sarreren alorrean, iazko likidazioak gastu orokorrerako utzitako soberakina osorik erabili behar dela uste du, baita udalak zorpetze propiora jo behar duela ere, legealdi osorako baliogarria izango den bide-orri baten barruan. Horrez gain, EH Bildu sinetsita dago, Gasteizko Udalak akordio bat lortu behar duela Arabako Foru Aldundiarekin, FOFELeko diru sarreren jaitsiera leunduko duena. Aldundiak zorpetzera jo behar du, zorpetze horrekin toki erakundeen baliabide jaitsiera arintzeko, bai itzulpenen atzerapenen bitartez edota FEPELen bertsio gaurkotu baten bitartez. Era berean, Aldundiak toki erakundeei ezarritako defizit, zorpetze muga eta gastu araua berrikusi eta malgutu behar dituela adierazi du Miren Larrionek. EH Bilduk mozio bat aurkeztu du norabide horretan, eta ostiral honetan eztabaidatuko den lehenbiziko proposamena izango da.

Honekin batera, EH Bilduk beharrezkotzat jo du zerga eta tasa sisteman diru sarrerei eusteko estrategia bat garatzea. “Fiskalitate bidezko eta progresibo baterako urratsak egitea ezinbestekotzat ikusten dugu EH Bildun, horretarako, besteak beste, enpresen mozkinen eta ondare handien gaineko COVID tasa bat ezartzea proposatzen dugu”, adierazi du Larrionek.

Ez da onargarria diru sarrerak modu arbitrario eta justifikaziorik gabeko modu batean murriztuko dituzten neurriak ezartzea. Esaterako, sozietate zergari %60ko kenkaria jartzea mundu guztiarentzat, inolako baremorik gabe, errenta edo sarrera mailak aintzat hartu gabe. Erabaki arbitrario horien ondorioa toki erakunde guztiek pairatuko dute, Gasteizko Udala barne.

Udal zergei dagokionez, ezinbestekoa da bestelako diru iturri batzuk bilatzea aurrekontua indartzeko. Horregatik ezin da gehiago atzeratu lurzoruaren eta airearen okupazioagatik argindar eta gas enpresa handiei tasa bat ezartzeko erabakia.
Horregatik, EH Bilduk ostiraleko udalbatzara eramango duen lehen mozioak helburu hori dauka: Gasteizko Udalari eta toki erakundeei krisi honen aurrean finantzaketa nahikoa bermatzeko plantamendu integral bat adostea Arabako erakundeetan.

Gastuak lehentasunen arabera sailkatu

Jarduera sozial eta ekonomikoen etete behartuak krisi sozial eta ekonomiko bat martxan jarri du eta datorren egoera horren aurrean, aurrekontua berrikustea eta berrordenatzea beharrezkoa da EH Bilduren ustez. Gastuaren alorrean, EH Bilduk printzipio orokor batzuk planteatzen ditu. Esaterako, udal langileei murrizketarik ez ezartzea, ezta elkarteekin eta gizarte eragileekin egiten diren itunetan ere, bereziki dirusail horrekin urte osorako jarduerak finantzatzen duten erakundeen kasuan. Suspertze ekonomikorako dirusailei eutsiko zaie, eta beste erabilera zuten dirusailetatik ere finantzaketa eskuratuko da.

Horrez gain, gizarte politiketan ere ez da murrizketarik ezarriko, are gehiago, ahal den heinean, dirusail batzuk indartuko dira, bereziki ahulenentzako laguntza zuzenei dagokienak. Era berean, osasunari eta larrialdiari loturiko inbertsioak indartuko dira, etor daitekeen bigarren olatu baten arriskuari modu egokian aurre egin ahal izateko.
Inbertsioei dagokionez, proposamen orekatua planteatuko da. Atzeratu daitezkeen inbertsio berriei ekin gabe, baina udalerria paralisi osora eraman gabe ere. Zentzu horretan, adjudikatuta eta martxan dauden proiektu nagusiekin aurrera jarraituko da: Gasteizko Antzokia, BEI, Koroatzeko a
uzoko proiektua eta Salburuko tranbia.