AKTUALITATEA


| 2025-06-24 10:09:00

Arabako hiriburua euskararen hiri bihurtuko da irailaren 13an, larunbatean, ‘Gastehiz herritik euskararen hirira. 1.000 urte lotzen gaituen haria’ leloa izango duen ‘Vitoria-Gasteiz Euskaren Hiria’ ekimenaren bigarren edizioarekin. ‘Gastehiz’ toponimoa lehen aldiz Donemiliagan agertu zeneko milagarren urteurrenari egindako keinua da. Arabako herri horretako monasterioari zergak ordaintzen zizkioten 307 herrixken izena jasotzen zuen dokumentu batean agertu zen toponimoa lehen aldiz.

Jai izaera izango duen jardunaldiak 2 ordu luzatu du programazioa, eta haurrei, gazteei, helduei eta familiei zuzendutako 14 orduko euskarazko jarduerak izango ditu.

Ekimenaren xehetasunak Maria Nanclares Euskara zinegotziak, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak eta Uxue Alonso GEU elkarteko koordinatzaileak eman dituzte gaur goizean izandako prentsaurrekoan.

Euskara zinegotziak gogorarazi duenez, ekimenaren helburua “euskarari eta normalizazioaren alde egunero lan egiten dutenei balioa ematea da. Horregatik, jarduerak euskaraz hitz egiten dutenei, euskaraz ikasten ari direnei edo, besterik gabe, partaide sentitu eta jai giroaz gozatu nahi dutenei zuzenduta daude”.

Bestalde, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, “Gasteiz Euskararen Hiria udalerriko agendan leku bat egitea lortu duen ekimena da. Hiri mailako ekimen izatera zuzenduta dagoen proiektua da, eta urte guztian zehar euskal komunitateak egiten duen lana erdigunean jartzeko aukera bikaina. Bigarren edizio honekin ekimena egonkortzea dugu helburu. Izan ere, Gasteizen euskara, euskal kulturaren eskutik, goraka doa. Euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko beharra agerikoa da. Eskubide linguistikoen urraketa etengabeen aurrean, euskarak, gure hizkuntzak, merezi duen tokia hartu behar du, esparru guztietan. Euskara ez baita baztertzailea, euskarak batu egiten du”.

GEU Elkarteak, Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordiotik sortutako ekimenaren esleipena duen elkarteak antolatu duen egitaraua 11:00etan hasiko da, eta jende guztiari zuzendutako kirol eta aisialdi jarduerak izango ditu. Goizean zehar Andre Maria Zuriaren plazako eta Plaza Berriko programazioaren protagonistak haurrak eta familiak izango dira. Eguerditik aurrera, programazioa Andre Maria Zuriaren plazan zentratuko da eta publiko orokorragora zabalduko da, beste proposamen askoren artean kontzertu akustikoak eta drag showak barne hartuko dituen kultur eskaintza anitzarekin. Gainera, ekitaldiak hiriko ostalaritza lokalek parte hartu ahal izango duten eskaintza gastronomikoa ere izango du.