EH Bilduk, gaur goizean egindako Ogasun Batzordean, udal gobernuari eskatu dio interes orokorraren alde egin dezala garbiketa enpresek hiriko garbiketa eta zabor kontratuaren inguruan egin dituzten ekintzen aurrean. Izan ere, kontratu hori hutsik geratu da, ez baita enpresarik aurkeztu. Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «praktika honekin baliteke enpresen interesen defentsa eta ilegaltasunak bereizten dituen lerro fina zeharkatu izana».
Zinegotziak adierazi duen bezala, lizitazio horrekin izandako lehen arazoak hau hasi bezain laster ikusi ziren, garbiketa-enpresek kontratuaren esleipena etetea lortu zutenean. Baina, orain, enpresek presioa areagotu dute eta lizitazio honetara ez aurkezteko ados jarri dira.
«Legeak berak ohartarazten digu kartel baten aurrean gaudela, kasu honetan garbiketa eta zabor enpresena, eta legez kanpoko praktika bat izan daitekeela. Horregatik, EH Bildutik, udal gobernuari eskatzen diogu ez dezala besoak gurutzatuta jarraitu eta planto egin diezaiela enpresei. Izan ere, Lehiaren Legeak berak debekatzen ditu berariaz horrelako praktikak eta amarruak. Enpresen artean lizitazio bat manipulatzeko ados jartzea kolusioa da», ziurtatu du Ruiz de Larramendik.
Zinegotziak aipatu duen Lehiaren Defentsari buruzko Legea da eta debekatu egiten ditu praktika horiek, eta honela definitzen du lehen artikuluaren laugarren xedapen gehigarrian: «Karteltzat hartzen da bi lehiakideren edo gehiagoren artean hitzartutako akordio edo praktika oro, baldin eta haien lehia-portaera koordinatzea bada helburua, lizitazioetako kolusioak barne".
Horretan oinarrituta, EH Bilduko zinegotziak berretsi du: «Udal hau ahalik eta gehien estutzen saiatzen ari den kartel baten aurrean gaudela. Baina, gainera, legez kanpokoak izan daitezkeen praktikak ikusten ari gara, eta horregatik diogu Udalak auzitara jotzeko unea dela, bere interesak defendatzeko».