AKTUALITATEA


| 2025-06-26 10:20:00

Gasteizko Udalak deskarbonizazio-proiektuak sustatzeko laguntza-ildo berri bat iragarri du. 400.000 euroko dirulaguntza deialdi berria Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko 2025eko aurrekontu akordioari esker da posible.

Udalak lau ardatz nagusitan bildutako ekintzak lagunduko ditu diruz: energia-kontsumoaren murrizketa, karbono aztarnaren kudeaketa eta murrizketa, energia-trantsizioaren sustapena iturri fosilak energia berriztagarriekin ordezkatuz eta naturan oinarritutako soluzioen ezarpena klima aldaketara egokitzeko eta hori arintzeko ekarpen gisa.

María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak nabarmendu duenez “neurri horien bidez berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea ez ezik, energia-efizientzia hobetzea, berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta lotutako ingurumen eta gizarte onurak sustatzea ere bilatzen dugu, Gasteizko industria sarearen lehiakortasunari eta jasangarritasunari laguntzeko eta, ondorioz, karbono gutxiko ekonomiaranzko trantsizioa babesteko”.

EH Bildu udal-taldeko bozeramaile Rocío Viterok azpimarratu duenez, “EH Bilduk argi dauka udalerri gisa aurre egin behar diogun erronketako bat trantsizio ekosoziala dela. Eta, horretarako, neurriak jarri behar ditugu, eta eragile guztiak inplikatu trantsizio horretan. Laguntza-lerro honen bidez, hiriko sektore ekonomikoari lagundu nahi diogu enpresa txiki eta ertainak deskarbonizatzeko prozesuan.”

Enpresa interesdunek makineria modernizatu ahal izango dute, instalazioak termikoki egokitu, amiantozko estalkiak kendu eguzki-energia fotovoltaikoko sistema instalatzeko, eta birkarga-puntuak dituzten eguzki-aparkalekuak egokitu, besteak beste.

Enpresa bakoitzak laguntza bat eskatu ahal izango du, eta aurkeztutako proiektuek gutxienez 6.000 euroko inbertsioa (BEZik gabe) ekarri beharko dute berekin.

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta norgehiagoka bidezko konkurrentziaz emango dira.

Eskaerak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Herritarren Arretarako Bulegoetan, deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunetik 2025eko urriaren 31ra arte (egun hori barne).

 

2030 Agenda

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak emisioak murriztearen aldeko proiektuak sustatzearen aldeko apustua egin du, 2030 Agendak ezartzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik.

Gasteizek 2030ean amaituko den Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Plana du, eta Europako Batzordeak abiarazitako bost xedeetatik bitan parte hartzen duen Europako hiri bakarra da, klima-neutraltasunari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzkoetan, hain zuzen ere.