AKTUALITATEA


| 2025-06-18 10:01:00

EH Bilduk Fruta, Barazki eta Berduren Handizkako Azoka biziberritzeko proposamena helaraziko dio ostiral honetan udalbatzari. Gasteizen fruta, barazki eta berduren nahiz arrainen handizkako merkatua dago, denda txikiei edo txikizkariei egunero zerbitzua ematen diena. Hala ere, instalazioetan inbertsiorik ezaren eta merkataritza-gune handien irekieraren ondorioz, merkatu horiek gutxiago erabiltzen dira. Horren ondorioz, arrain-merkatua itxi egin da eta arrisku larrian jarri da fruta, barazki eta berduren merkatuaren jarraitutasuna.


«Merkatu honek Udalaren bultzada irmoa behar du, ezin ditugulako alde batera utzi gaur egun fruta, barazki eta berduraren handizkako merkatuaren jardunetik bizi diren 35 familiak. Horregatik uste dugu Udalak merkatuaren egoeraren azterketa egin behar duela, gabeziak, beharrak eta aukerak identifikatzeko. Eta behin azterketa hori eginda, fruta, barazki eta berduren handizkako merkatuaren bideragarritasuna eta lehiakortasuna ahalbidetuko duten neurriak ezarri behar ditu, datozen urteetan jarduerarekin jarraitu ahal izateko», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak.

 
Merkatuak 40 urte baino gehiagoko historia du, eta instalazio oso zaharrak ditu, gaur egun horrelako establezimenduetan eskatzen diren baldintza asko betetzen ez dituztenak. Izan ere, 2013an, Udalak berak jarduera-plan bat egin zuen, merkatua hobetzeko, 400.000 euro ingurukoa, baina ez da gauzatu.
Gaur egun, merkatuak bi sail ditu, bata arrainari lotua eta bestea fruta, barazki eta berdurei lotua. Eta bi sail horiek 10 urteko lagapena dute, 2026ko irailean amaitzen dena. Hala ere, arrain-merkatuaren kasuan, egoeraren larritasunaren ondorioz, lizitazioa amaitu aurretik lagapenari amaiera emateko eskatu dute.


Bestalde, fruta, barazki eta berduren merkatuari dagokionez ere, etengabeko itxierak ematen ari dira, 23 postu izatetik 4 izatera igaro baita. Horregatik, 2023ko maiatzean, kanona (gaur egun 15.023,30 €) eta eskatutako banku-abala murrizteko eskatu zioten Udalari.


Hala eta guztiz ere, fruta, barazki eta berduren merkatuak adierazi du bere jarduerari eutsi nahi diola udal espazio honetan etorkizunean ere. 35 familia bizi dira hango jardunaz, udalerriko merkataritzari eta ostalaritzari zerbitzua eskainiz. «Horregatik, EH Bildutik uste dugu funtsezkoa dela 40 urte baino gehiagoko historiaren duen espazio horren aldeko apustua egitea, besoak gurutzatu eta pertsiana behin betiko nola jaisten den ikusten geratu beharrean», amaitu du Viterok.