AKTUALITATEA


| 2021-06-22 10:38:00

EH Bilduk Livia López Osasun eta Kirol zinegotziaren agerraldia eskatu du, bere Sailak hainbat emakume txakurtegian jasaten ari ziren sexu-jazarpenari buruz zuen ezagutzari buruzko azalpenak eman ditzan. EH Bilduk behin eta berriz salatu du gai honen larritasuna; izan ere, 7 emakumek sexu-jazarpena salatzen dute udal-instantzia batean, hala nola txakurtegian, eta EAJren eta PSEren gobernuak, sinetsi beharrean, ez du jarduten, eta, gainera, ezkutatu egin nahi du.


Ekainaren 14an, Ana Baztarrika Osasuna Sustatzeko Unitateko buruak epailearen aurrean deklaratu zuen. Bertan, berak esan zuen 2019ko irailaren 24az geroztik bere ardurapeko zuzendariak, Eukeni Martinezek, Livia Lopez zinegotziaren albokoa denak, txakurtegiko sexu-abusuen berri zuela. Hala ere, une oro ukatu egin da boluntarioak txakurtegian -udal-instalazio batean- jasaten ari ziren sexu-jazarpenaren berri izatea, 2019ko irailetik, hau da, Gasteizko Udalak horren inguruan zerbait egin baino 8 hilabete lehenago.


Orain, Baztarrikak onartu du 2019ko irailetik ezagutzen duela gaia, eta onartu du Livia Lópezen albokoa den Saileko zuzendariari ere helarazi ziola. «Hasieratik bere sailak eta berak ukatu egin zuten salatutako gertakarien berri izatea. Orain, prozesu judizialean jakin izan da, jakiteaz gain, ez zela ezer egin. Oso asunto larria da. Edo udal-protokoloak ez du funtzionatu edo ez da martxan jarri nahi izan. Edonola ere, ezinbestekoa da protokoloa berrikustea, agerikoa baita huts egin duela eta salatzaileei huts egin zaiela», adierazi du Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak.