Subijanako akuiferoan izan dezakeen eragina argitu arte edo haren segurtasuna bermatzeko neurriak hartu arte, Langraizko harrobiaren jarduera kautelaz geldiaraztearen alde azaltzeko eskaera helaraziko dio EH Bilduk hurrengo udalbatzari. «Subillako akuiferoa lurpeko ezinbesteko ur-iturria da, funtsezkoa tokiko komunitatea hornitzeko, eta oso garrantzitsua tokiko, eskualdeko eta gure udalerriko ekosistemarako. Subillako akuiferoaren uraren kalitatea eta kantitatea arriskuan egon daitezke Langraizko harrobiaren jardueraren ondorioz, eta horrek ondorio larriak izan ditzake osasun publikoan eta ingurumenean. Horregatik guztiagatik, Langraizko harrobiaren ustiapen epea ez luzatzea eskatuko dugu», adierazi du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak.
Mozio hau Subillako akuiferoaren gaineko kobazulo bat harrobi horretan egindako lanen ondorioz hautsi zela jakin ondoren iritsi da. Haustura hori 2016an gertatu zen, baina orain argitara atera da. Gertaera horrek akuifero horrek izan ditzakeen inpaktuei buruzko zalantzak areagotu baino ez ditu egiten; izan ere, jakina denez, gure herrialdeko lurpeko ur-biltegi handienetako bat da, eta udalerrien artean partekatzen duguna, Gasteiz barne.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduko zinegotzi Amanacay Villalbak adierazi duenez, «funtsezkoa da Subillako akuiferoaren babesa bermatzea eta harrobiaren jarduerak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio zehatza egitea, neurri prebentibo eta zuzentzaile egokiak hartzeko. Izan ere, ez dugu ahaztu behar harrobia beste udalerri batean dagoen arren, afekzioek eragina dutela Gasteizko udalerriko ingurumen-baliabide batean, akuiferoan, alegia».
Hori dela eta, EH Bilduk Subillako akuiferoa babesteko beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatuko du osoko bilkuran. Eta, ildo horretan, Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta URAri eskatuko die Langraizko harrobiaren jarduerak ingurumenean duen eraginaren azterketa integrala egin dezatela, arreta berezia jarriz Subillako akuiferoan eta haren inguruko ekosisteman.