EH Bilduren Gasteizko alkategai Rocio Viterok udalerriko bi arimek, green edo ingurumenekoak eta industrialak, daukaten lotura handitzearen alde egin du gaur, energia trantsizioari aurre egin ahal izateko. «Gasteizko green arimari eusteko eta hobetzeko laguntza eman behar diegu geure enpresei eta zerbitzuei jarduera eta produktu jasangarriagoak egin ditzaten, eta kalitatezko lanpostuak sor daitezen», adierazi du.
EH Bilduk luzera begirako plan bat proposatu du hiriaren iparraldeko industriguneak berritzeko eta eguneratzeko. 400 hektarea dituzte, eta horietako asko erabilerarik gabe daude. «Eremu guzti hori polo ekonomiko produktibo, dinamiko eta berritzaile izatea nahi dugu XXI. mendeko bigarren erdirako, enpresa berritzaile eta balio erantsi handikoak erakarri, garatu eta hazten laguntzeko, enplegu gehiago eta hobeagoa sor dezaten», azaldu du Viterok. Lehen fasea litzateke Betoñuko industrigunearen sakoneko erreforma bat, polo bioteknologiko eta farmazeutiko bilakatzea bultzatuz, elementu nagusi bezala Botikak Ikertzeko eta Ekoizteko Zentro bat izango zukeena. Erreforma horrek espazio berde berriak, kultur erabilerak, eta ekipamendu berriak ondoan dagoen auzoarentzat, Aranbizkarrarentzat.
Bestalde, Arabako ahaldun nagusigai Eva Lopez de Arroyabek aurreratu du 100 milioi euroko programa bat onartzeko asmoa duela herrialdeko industriguneak biziberritzeko eta karbonogabetzen laguntzeko. Baita ere, Mahai Sozioekonomiko bat sortuko duela, erregai fosiletatik dependentzia gehien duten sektoreen trantsizio ordenatua garatzeko.
Arabarako beste proiektu batzuen artean, Lopez de Arroyabek Teknoberri nabarmendu du. «Aretako zonaldea, Laudion, biziberritzeko proiektua da, lau hektarea baino gehiagorekin. Enplegua sortzea, industria espazioak berreskuratzea eta aisialdi nahiz etxebizitza eskaintza areagotzea bateratzen ditu ekimen honek».