AKTUALITATEA


| 2025-09-22 10:34:00

Euskal Herria Bildu, Rocio Vitero bozeramailearen bitartez, 2026rako Ordenantza Fiskal berriak eztabaidatu, negoziatu eta adosteko prest agertu da. Eztabaida fiskala EH Bilduk PSE-EEren eta EAJren udal gobernuarekin lortutako aurrekontu akordioak markatu du, eta azken hamarkadan udalerrian izan den aldaketa fiskalik esanguratsuena ekarri du. «Aurten, 2025ean adostutako neurri ekonomiko eta fiskaletan sakontzea dagokigu, lortutako emaitzak aztertuz eta egokituz, eta hobekuntzak eta proposamen berri batzuk ezarriz. Justizian eta progresibitatean oinarritutako eredu fiskalean sakontzen jarraitu nahi dugu, Udala kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko gai den administrazio indartsu eta kaudimenduna izan dadin. Horretarako, elkarrizketarako eta negoziaziorako eskua luzatzen dugu», adierazi du Viterok.

EH Bilduko bozeramailearen esanetan, bere alderdiak erantzukizuna eta ausardia erakutsi du iritzi publikoaren aurrean deserosoa izan ohi den eztabaida honetan, baina funtsezkoa da herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu behar dizkien udal baten kaudimena bermatzeko. Horrela, Viterok EH Bilduren akordioari esker Ordenantza Fiskalen arloan lortutako aurrerapenak eta hobekuntzak zerrendatu ditu.

«Zero tarte berri bat sartu dugu OHZn, pertsona zaurgarrienei laguntzeko, eta hobariak LGSra egokitu ditugu. Bi neurri horiekin, 2,5 milioi euro baino gehiago bideratu ditugu kenkari horietara, eta 21.000 familia baino gehiagorengana iristea lortu dugu», adierazi du Viterok. OHZn, halaber, etxebizitza hutsei %50eko errekargua ezartzea lortu dute: «Bizitoki-larrialdian bizi garen honetan, errekargu horrek etxebizitza hutsa merkatura ateratzeko mobilizatu nahi du, izan alokairuan, izan salmentan, baina bere funtzio soziala betetzeko helburuarekin».

EJZri dagokionez, EH Bilduk lortu du bere proposamenen bidez urtean milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresa handiek ekarpena handitu behar izatea, eta, ondorioz, Udalak aurreko ikasturtean baino 700.000 euro gehiago jaso ditu EJZren kontzeptuan. Horrela Euskal Herria Bilduk dioen progresibitate irizpideari jarraitu zaio: gehien duenak gehiago ordain dezan.

Baina, zalantzarik gabe, 2025eko OOFF-en eztabaida guztia hondakinen tasa berrira egokitzeak baldintzatu zuen. Legeak hala aginduta, Udalari hondakinak biltzeko sistemaren kostu osoa ordaintzeko tasa bat onartzea zegokion. «EH Bildun, lege agindua betetzeaz gain, justizia eta progresibitate iripideak gehitu genituen, pertsona eta jarduera ekonomiko zaurgarrienak babesteko tarte berriak ezarriz. 560.000 euroko kenkariak sartu ditugu, eta hobariak, gitxienez, 28.000 etxetara eramatea lortu dugu».

Horrekin guztiarekin, Euskal Herria Bilduk, hobekuntzarako tartea dagoela onartuz, balorazio positiboa egin du joan den ekitaldiko akordio fiskalaren ondorioz bildutako datuen inguruan, eta 2026ko Ordenantza Fiskalen proiektuari begira elkarrizketa eta negoziazioa abiatzeko oinarritzat hartu ditu.