AKTUALITATEA


| 2021-03-15 13:17:00

EH Bilduk Iradier Arenan inbertitzea eskatu du, pandemiaren beharretara egokitu ahal izateko. Kulturak espazio zabalak eta seguruak behar ditu, eta hor Iradier Arenak behar horiek bermatu ahal izango lituzke. Une honetan, kultur espazioen beharra larria dela ulertuta, EH Bilduk ulertzen du espazioa laster egokitzea, baina inola ere ezin ditu baldintzatu, ordeztu edo partxeatu etorkizunean egin behar diren ezinbesteko hobekuntzak. Are gehiago, Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "entsegu bat izan liteke espazioak izan ditzakeen aukera bikainak egiaztatzeko eta berritzeko beharra berresteko".


EH Bilduk positibotzat jo du udal eta foru gobernuak Iradier Arena erabileraz betetzea eskatzen duen EH Bilduren kultur arloko eskari handienaren alde egitea; izan ere, Iradier Arena "erabilera anitzeko espazio" gisa sortu da, eta azken urteotan "erabilera gabeko espazio" bihurtu da. Horrela, Lopez de Aberasturik EH Bilduk proposatutako ibilbide-orria birplanteatzeko eskatuko dio Kultura Sailari datorren batzordean, non, kultur azpiegituren aprobetxamenduan oinarrituta, Iradier Arenaren kalitate akustikoa hobetzeko espazioa berritu eta egokitu dadin proposatzen den.


"Egungo egoerak agerian uzten du EH Bilduk urtebete baino gehiago eskatzen daramana: kultur azpiegituretan bide-orri baten beharra, Iradier Arenaren berrikuntza eta egokitzapenetik hasita", adierazi du Lopez de Aberasturik. EH Bilduk proposatzen duen bide-orriak Iradier Arenaren eraberritzea jasotzen du, hau jardueraz betetzeko, eta bigarren fase batean, non Printzipal Antzokia birmoldatuko lirateken, azkenen honen jarduera hartu ahal izateko. Ondoren, bi espazio eszenikoak izan ondoren, Auditorio bat eraikitzea beharrezkoa den ala ez baloratu beharko litzateke.


Iradier Arenak tarifa berezi bat du esleituta kultur, biltzar edo funtzio anitzeko ekipamenduen eta gizarte-etxeen tasen barruan (7.11), Gasteizko Udaleko Ordenantza Fiskalen barruan. Hori dela eta, EH Bilduk jakin nahi du gobernu-taldeak zer neurri hartuko dituen formula horren pean programatzen diren jardueretan aplikatu beharreko tasei dagokienez, eta tasa horiekiko aldaketarik proposatzen den.