AKTUALITATEA


| 2023-05-18 22:47:00

Euskal Herria Bilduk defendatu du gaur Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia inplikatzea osasun arretaren defentsan eta sustapenean. Herrialdean Osakidetzak okerrera egin ahala EAJren eta PSEren gobernuek izan duten ixiltasun konplizearekin alderatuta, Euskal Herria Bilduk konpromisoa eman du herritarrek osasunerako duten eskubidea defendatuko duela murrizketen eta erabaki kaltegarrien aurrean.

Gasteizko alkategai Rocio Viterok San Martingo PAC etengabeko arreta puntuaren itxiera jarri du Osakidetzaren etengabeko hondatzearen adibide gisa: «Zerbitzuen itxiera, ordutegiei mugak eta murrizketak, lehen arretarako hitzorduak arrazoizko epe batean lortzeko ezintasuna, PAC puntuetan eta larrialdietan itxaron denboren luzatzea, profesionalen falta auzo eta herri askotan pediatria bezalako alorretan, anbulantzia medikalizatuetan gabeziak... Arretak okerrera egin izana sufritzen ari dira osasun zaintzak behar dituzten herritarrek», azaldu du Viterok.

EH Bilduk inbertsio eta irtenbide zehatzak bultzatuko ditu egoerari buelta emateko: San Martingo PAC puntua eta Santiagoko larrialdiak berriro irekitzea, osasun-etxe berriak Olarizun eta Alde Zaharran, eta hitzarmen bat Osakidetzarekin birgaitzea behar duten anbulategiak konpontzeko, Sansomendi eta Pilar auzoetatik hasita.

Arabari dagokionez, Ahaldun nagusigai Eva Lopez de Arroyabek defendatu du Lezako ospitala behingoz eskualde ospital bihurtzea, Aiaraldeko osasun beharrei Laudioko osasun-etxe berriarekin erantzutea, 24 orduz hirugarren anbulantzia bermatzea, edota herrialde osoan lehen arreta indartzea: «EH Bildutik lehen arretaren etengabeko indartzea bultzatuko dugu: Atzematea eta irtenbidea ematea espezialisten faltari, erizaintza indartzea, hitzorduen kudeaketa hobetzea, eta, azken finean, lehen arreta berriro ere bihurtzea osasun publikoaren zaintzarako sarbidea, hurbiltasunarekin eta kalitatearekin», ziurtatu du Lopez de Arroyabek.