AKTUALITATEA


| 2023-05-23 12:33:00

Euskal Herria Bilduk Gasteizerako hiri eredu proposamena aurkeztu du gaur. EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, Rocio Viterok, egungo eta etorkizuneko erronkak argi dituen udalerri baten alde egin du, auzotarren eguneroko bizi beharrei arreta ematearekin batera. «Bizitzeko hiri bizi eta anitza. Lehen eta bigarren mailako auzorik gabe. Lehen eta bigarren mailako auzotarrik gabe. Zerbitzu gehiago eta hobeagoekin. Eskubide gehiago eta hobegoekin», azpimarratu du.

EH Bilduren proposamenak Gasteizko ekonomiaren, gizartearen, eta ingurumenaren eraldatzea eta modernizazioa bultzatu nahi ditu, etorkizunean ere gaur egun daukagun ongizate mailari eutsi ahal izateko eta hobetu ahal izateko. «Geure hiritarrek hobeto bizitzea ahalbidetuko duten proiektu eta politika publikoak martxan jarriko ditugu», hautagaiaren hitzetan.

Viterok berrikusi egin ditu hiri eredu horren erakusgarri diren zenbait proiektu: zaintzen indartzea San Prudentzio eta Ariznabarra erresidentzien erreformarekin, anbulategi berriak Olarizun eta Alde Zaharrean, auzoen birgaitze benetan oso baten aldeko apustua Sansomendi auzotik hasita, udal etxebizitza parkea sortzea, Gasteiz eta Lautada Unescoren Biosferaren Erreserba izendatzea, edota Oihaneder sormen artistikorako gune gisa eraldatzea eta Iradier Arena espazio eszeniko handi bihurtzea, besteak beste.

«Hau guztia modu parte-hartzailean egingo dugu, instituzioaren ateak irekiz hobetzeko ideiak eta proposamenak dituen edonorren parte-hartzeari eta ekarpenari. Entzutea, jendeari arreta ematea, oinarria da partekatutako hiri proiektu baterako, non jende guztiak bere burua aitortua izango duen, bakoitzaren iritzi eta nortasunarekiko errespetuan oinarrituta. Guztion eta guztiontzako Gasteiz bat», zehaztu du Viterok.